Jaurlaritzak bere burua bitartekari gisa eskaini du Tubos Reunidoseko gatazka onbideratzeko
Bien bitartean, langileek salatu dute "enpresari erantzukizunak eskatu beharrean, presioa langileen, komitearen eta sindikatu jakin batzuen gain jartzen" ari direla.
Eusko Jaurlaritzak bere burua eskaini du Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren eta langileen batzordearen artean bitartekari lanak egiteko, lan-gatazka bideratzeko. Hala helarazi die Elena Lopez Barredo Lan sailburuordeak sindikatuetako ordezkariei, goizean Gasteizen izan duten bileran.
Lopez Barredoren arabera, "elkarrizketa zintzoa eta gardena" behar da, gatazka bideratzeko eta mahai gainean "konponbidea" jartzeko. Esan duenez, helburuak izan behar du "ahalik eta lanpostu gehien mantentzea".
Langileen batzordeak eskatuta egin dute bilera, eta bertan, langileek Jaurlaritzako ordezkariei mezu argia helarazi diete: "altzairutegia ixtea eta logistika esternalizatzea" marra gorriak dira, eta ez dute ez bata ez bestea onartuko.
Halaber, langileek salatu dute "enpresari erantzukizunak eskatu beharrean, presioa langileen, komitearen eta sindikatu jakin batzuen gain jartzen" ari direla.
Bere aldetik, Lopez Barredok agindu die Lan Ikuskaritzak "zorrotz" aztertuko duela zuzendaritzaren enplegu erregulaziorako espedientea. 285 lagun kaleratzea aurreikusten da Laudioko eta Trapagarango plantetan.
Bi aldeak bilduta egon diren bitartean, Lan Sailaren egoitzaren kanpoaldean dozenaka langilek elkarretaratzea egin dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela