Iberiak Kubarako hegaldi zuzenak bertan behera utziko ditu ekainetik aurrera, energia krisia dela eta
Etenaldiak irauten duen bitartean, Kubara joan nahi dutenei Iberiak eskainiko die Panamara joatea, eta handik, uhartera. Habanan dituen bulegoak zabalik izango ditu Iberiak.
Iberiak aldi baterako etengo ditu Madrildik Kubarako hegaldi zuzenak, ekainetik aurrera. Uharteko energia krisiaren ondorioz hegaldi eskaria nabarmen jaitsi izana dago erabakiaren atzean.
Espainiako aire-konpainiak azaldu duenez, asmoa da azarotik aurrera berrezartzea linea zuzen hori, "baldintzek" ahalbidetzen badute.
Apirilean, astean hirutan aterako da Madrildik Kubarako hegaldia, eta maiatzean, bitan.
Etenaldiak irauten duen bitartean, Kubara joan nahi duten bidaiariei Iberiak eskainiko die aurrena Panamara joatea, eta handik, Kubara. Habanan dituen bulegoak zabalik izango ditu Iberiak.
Joan den otsailaren 9tik, energia krisia dela eta, Kubatik Madrilerako hegaldiek Santo Domingon geldialdi teknikoa egiten dute, erregai depositua betetzeko.
Oraingoz, etenaldiak Kubari eragingo dio, ez du Iberiaren gainerako joan-etorrietan eraginik izango. Uda honetarako 21,4 milioi bidaiari hartzea aurreikusten du konpainiak.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela