Osakidetzak LEPa egingo du 2027an, estaldura zaileko plazak betetzeko, eta erizaintzakoak ere jasoko ditu
Osakidetzak estaldura zaileko bi lan-eskaintza publiko egingo ditu: 2026koa urte amaieran deituko du, eta familiako medikuntzan, pediatrian eta psikiatrian betetzeko zailenak diren plazak indartuko ditu; 2027ko deialdiak, berriz, erizaintzako profesionalentzako plazak ere jasoko ditu.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila estaldura zaileko lan-eskaintza publiko (LEP) berria prestatzen ari da 2027rako, eta erizaintzako profesionalak hartuko ditu barne, lehen aldiz. Profesionalak erakartzeko eta plantillari eusteko zailtasun handienak dituzten zentroetako langile-taldeak indartzea da helburua.
Alberto Martinez Osasun sailburuak eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egindako agerraldian iragarri dute deialdi berria.
Martinezek nabarmendu du Euskadik gaur egun "inoiz baino mediku eta erizain gehiago" dituela, baina profesional gehiago sartzen jarraitu beharra defendatu du, osasun-arretaren eskariaren gorakadari erantzuteko.
2027ko deialdia Osakidetzak aurten abian jarriko duen estaldura zaileko bigarren LEPa da. Bi eskaintzen helburua da profesionalak erakartzeko, langile kopuruari eusteko eta lanpostuak egonkortzeko zailtasun handienak dituzten osasun-etxe eta plazak indartzea.
2026ko LEPa urte amaieran deituko da
Osakidetza erakunde sindikalekin negoziatzen ari da gaur egun 2026ko estaldura zaileko LEPa, eta deialdia urte amaierarako aurreikusita dago.
Eskaintzak Lehen Mailako Arretan betetzeko zailtasun handienak dituzten lanpostuetan jarriko du arreta, bereziki familia-medikuntzan, pediatrian eta psikiatrian. Berrikuntza gisa, eskualdeko ospitaleekin lotutako espezialitate batzuk ere sartuko ditu, profesionalak erakartzeko eta kopuruari eusteko zailtasunak baitaude, batez ere arratsaldeko txandengatik eta osasun-etxeen kokapenagatik.
Sartuko diren plazen artean dago Andoaingo osasun-zentroa: arratsaldeko ordutegiko lau lanpostu hutsak LEP horretan sartuko dira.
Deialdiak jarraipena emango dio 2025ean Osakidetzako langileak erakartzeko, plantillari eusteko eta egonkortzeko abian jarritako estrategiari.
36 ebakuntza-gela berri
Lan-eskaintza berrien iragarpena Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen 2025-2032 Programaren aurrerapenarekin batera egin da. Programak 1.600 milioi euroko inbertsioa eta 74 jarduketa aurreikusten ditu.
Jarduera nagusietako bat Osakidetzaren kirurgia-ahalmena handitzea izango da. Programak 170 ebakuntza- eta prozedura-gelatatik 206ra igotzea aurreikusten du, 36 gela berri gehituta; hau da, % 21,2ko hazkundea.
Instalazio berriak hainbat ospitaletan banatuko dira, besteak beste, Txagorritxu, Bidasoa, Zumarraga, Tolosa, Basurtu, Gurutzeta, Donostia eta Galdakaoko ospitaleetan.
Tolosako ospitale berriak, esaterako, sei ebakuntza-gela eta 90 ohe izango ditu. Zumarragako ospitaleko kirurgia-bloke berriak, berriz, sei ebakuntza-gela izango ditu.
Inbertsio gehiago osasun-teknologian
Programak 192,6 milioi euro aurreikusten ditu, halaber, osasun-teknologia berritzeko eta ekipamendu berriak ezartzeko. Besteak beste, 16 TAC, zortzi erresonantzia magnetiko, zortzi azeleragailu lineal, lau PET-TC ekipo, sei SPECT-TC, 26 mamografo, 75 X izpien gela eta hemodinamikako eta angiografiarako 16 gela.
Proiektu teknologikoen artean, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Protonterapia Unitatea nabarmentzen da. Bunkerraren lanak amaitu ondoren, azaroan makinak instalatzen hastea aurreikusten da, eta lehen pazientea 2028ko hasieran artatuko dute. Aurreikusitako inbertsioa 61,4 milioi eurokoa da.
Programak, halaber, osasun-zentroen klimatizazioa eta energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak jasotzen ditu, eta 2032ra arte 73,02 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du.
Eusko Jaurlaritzak Osasunaren Euskal Itunaren konpromisoen barruan kokatzen ditu jarduera horiek, plantillak indartzeko, Lehen Mailako Arreta hobetzeko, ospitaleen gaitasuna handitzeko eta osasun-sare publikoa modernizatzeko helburuarekin.