Diazek azarora arteko epea eman die adituei gutxieneko soldataren igoerari buruzko proposamenak egiteko
Diazek gogora ekarri du KPIa % 4,9raino igo dela, eta adituen lana dela "erosahalmena ez galtzeko bermeak ematea".
Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministro Yolanda Diazek aditu batzordeari galdegin dio urriaren amaierarako edo azaroaren hasierarako prest izan dezala gutxieneko soldataren igoerari buruzko proposamena. Halaber, eskatu dio proposamen horrek berma dezala erosahalmena ez dela galduko.
Batzordearen lanak abiatzekotan dagoela berri emateko egin duten prentsaurrekoan, Diazek azpimarratu du igoerak bermatu egin behar duela erosahalmena ez dela galduko. Dena den, ez du gutxieneko soldata zenbat handituko den argitu.
Halaber, Diazek gogora ekarri du KPIa % 4,9raino handitu dela, eta adituen lana dela "erosteko ahalmena ez galtzeko bermeak ematea".
Horrekin barera, nabarmendu du gutxienez batezbesteko soldataren % 60koa izan behar dela igoera, eta produktibitatea eta testuinguru ekonomikoa izan behar dituela kontuan.
Hori guztia aintzat hartuta, Lan Ministerioaren asmoa da epeak bizkortzea, ahal bezain pronto igoera gauzatu dadin. Horrekin lotuta, Diazek zehaztu du Gobernuak gutxieneko soldata igotzeko ahalmena duela. Horregatik, behin adituen txostena jasota, elkarrizketa mahaian eseriko da, patronalarekin eta sindikatuekin.