Gutxienez 13 pertsona atxilotu eta 155 identifikatu ditu Poliziak Hego Euskal Herrian, grebaren testuinguruan
Atxiloketak Agurainen, Zamudion, Donostian, Gasteizen eta Portugaleten egin ditu Ertzaintzak. Iruñean, bestalde, banketxe baten espekulazioa salatzen ari zen grebalari bat atxilotu du Polizia Nazionalak.
Gutxienez 13 lagun atxilotu eta 155 identifikatu ditu gaur goizean Poliziak, Greba Orokorraren lehen orduetan. Atxiloketak Agurainen, Zamudion, Donostian, Gasteizen eta Portugaleten egin ditu Ertzaintzak. Polizia Nazionalak, bestalde, lagun bat atxilo eraman du Iruñean.
Gainera, hiru gizon ikertu dituzte Errenterian. Guztira 155 pertsona identifikatu dituzte hainbat jarduketatan. Zazpi agente osasun-zentroetara eraman dituzte objektuak jaurti eta eraso fisikoak egin dizkietelako.
Agurainen, goizaldeko 05:30 aldera, 31 urteko gizonezko bat atxilotu dute, Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, desordena publikoak eta erresistentzia delituak egotzita.
Bigarren atxiloketa 07:30ak inguruan egin dute, Zamudioko Parke Teknologikorako sarreran pikete informatiboa egiten ari zirenean. CCOO sindikatuaren arabera, ordezkari bat zauritu du gidari batek, eta horregatik protestatu duenean Ertzaintzak atxilotu egin du. Sindikatuak adierazi du ekintza sindikala "baketsua" izaten ari zela, eta erabat informatiboa.
Azaldu duenez, gidari bat haserretu egin da abiadura jaitsi behar izan duelako, eta ibilgailuaz eraso egin dio sindikatuko kideari. Hura "kexatu egin da" eta, orduan, ertzainak "oldartu egin zaizkio, lurrera bota dute, eskuburdinak jarri eta atxilotu egin dute". Ordezkari sindikala Gurutzetako ospitalera eraman dute, eta bertan dago atxilotuta. Ertzaintzak bere oharrean esan du agenteen aurkako atentatua egiteagatik atxilotu dutela lagun hori.
Iruñeko atxiloketa goizeko 07:45 inguruan izan da. Karlos III.aren etorbideko Caixabank banketxearen aurrean eserialdia egin dute, LAB sindikatuak deituta. Espainiako Polizia Nazionalak protestagileak bertatik aterarazi ditu eta une horretan egin dute atxiloketa. Sindikatu abertzaleak salatu du Poliziak bortizki mugiarazi dituela grebalariak.
Gasteizen, berriz, hiru atxilotu izan dira. 09:15ean, 32 urteko emakume bat atxilotu du Ertzaintzak, adierazi dutenez, agintaritzaren agenteei eraso egiteagatik, eta geroxeago, 09:30ak pasatxoan, 29 eta 31 urteko bi gizon atxilotu dituzte, desordena publikoak egotzita, Gasteizko saltokietan hainbat kalte egiteagatik. EITBk jakin duenez, atxilotutako bi lagunak GKSko bi kide dira. Gazte Koordinadora Sozialistak Ertzaintzaren jokabidea oldarkorra izaten ari dela salatu du.
10:00ak baino lehentxeago, Portugaleten, zortzi pertsona atxilotu dituzte desordena publikoak, agintaritzaren agenteen aurkako atentatua eta erresistentzia larria egotzita, Segurtasun Sailak azaldu duenez. 28 eta 54 urte bitarteko lau gizon eta 34 eta 38 urte bitarteko lau emakume dira.