Emakumezko bat aiztokadaz hil dute Bilbon
Gizonezko batek emakumezko bat hil du Bilbon, Deustu auzoko kale batean. Ertzaintzaren lehen susmoen arabera, erasoa auzokideen arteko eztabaida baten ondorioz gertatu da.
Gertaera gertatu eta gutxira, agenteek ustezko erasotzailea atxilotu dute, bere etxebizitzan. Bertan, hilketan erabilitako aiztoa aurkitu dute, Ertzaintzako iturriek jakitera eman dutenez.
Hilketa 14:30ak aldera jazo da Bilboko Ramon y Cajal etorbidean. 37 urteko gizonezko bat biktimarengana hurbildu da eta aiztokada eman dio, Herrizaingo Sailak aditzera emandakoaren arabera.
Lekukoek gertatutakoa ikusi eta larrialdietako zerbitzura deitu dute. Hala ere, osasun zerbitzuek 42 urteko emakumea hilda zegoela baieztatzea baino besterik ezin izan dute egin.
Eztabaida baten ondorioz
Lehen ikerketen arabera, erasoa auzokideen arteko eztabaida baten ondorioa izan dela dirudi, izan ere, ustezko erasotzaileak istiluak izan ditu aurretik auzokoekin eta aurrekari penalak dauzka.
2005etik hiru aldiz atxilotu dute (mehatxuak, lesioak eta arma zuriarekin egindako lesioak egotzita), eta bost aldiz egon da inputatuta (auzokideekin istiluak izan eta familia esparruan, anaien kontra, indarkeria erabiltzeagatik), Herrizaingo Sailak zabaldu duenez. Besteak beste, mehatxuak, ate eta sarrailetan kalteak, eta irainak egiteagatik eta familia esparruan indarkeria erabiltzeagatik jarri dituzte salaketak horren kontra. Guztira, auzokideen 11 salaketa jaso izan.
Ustezko hiltzaileak arazo mentalak dituela esan dute bizilagunek
Ustezko hiltzailearen bizilagunek diotenez, gizonezkoa "oso oldarkorra da eta arazo mentalak ditu". Halaber, hari pisutik botatzeko eraikinean sinadurak bildu zituztela kontatu dute.
Portal horretan bizi diren pertsona batzuek (ez duten euren berri eman nahi) gizonezko horrekin arazo asko zituztela azaldu dute, eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren aurrean salatu egin zutela gaineratu dute "inguruko emakume guztiei mehatxatzen zielako".
Atxilotutako pertsona "bizi osoan" pisu horretan bizitu izan da, lehenengo gurasoekin eta gero bakarrik; haren biktima bigarren pisuan bizi zen "duela denbora askotik", azaldu dute bizilagunek.