13 pertsona hil ziren udan errepidean, azken lau urteetako kopururik baxuena
Horietatik, zazpi motorrean edo bizikletan zihoazen. Horiek dira kolektibo zaurgarrienak errepidean.
2026ko uda Hego Euskal Herriko errepideetan hildako gutxien izan diren azken lau urteetako uda izan da. 13 pertsona hil ziren, Eduardo Martinez RACVN erakundeko presidenteak aurkeztutako txostenaren arabera. Lau pertsona hil ziren Nafarroan eta hiruna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Beraz, 2025eko udan baino hamar hildako gutxiago izan dira: % 40 gutxiago EAEn (15 izan ziren) eta % 50 gutxiago Nafarroan (8).
EAEko bederatzi heriotzetatik erdia baino gehiago "kalteberak" izan dira: lau motor-gidari eta bi txirrindulari. Nafarroan, aldiz, hildako lau pertsonetatik bakarra da mota horretakoa: txirrindulari bat.
Agerraldian, Martinezek pozik hartu du kopuruaren jaitsiera, uda honetan aurreko urteetan baino joan-etorri gehiago egin diren arren.
Txostenak agerian uzten du, halaber, hiriko eta hiriarteko "errepide konbentzionalak" direla hildako gehien jasotzen dituztenak. Izan ere, "autobideak eta autobiak ez bezala, estuagoak dira, maila bereko elkarguneak dituzte mail eta, gehienetan, ez dute banaketa fisikorik zirkulazioaren bi noranzkoen artean".
Dokumentuaren arabera, bidetik irtenda hil ziren gehienak. Beste kasu batzuetan, talka eginda hil ziren.
RACVNko presidenteak errepideen egoeran inbertitzeko deia egin die erakundeei, horietako asko "egoera txarrean edo oso txarrean" daudelako, eta ibilgailuen parkearen antzinatasuna ere aipatu du (batez beste 15 urte inguru dute).