Zer dakigu Toledon gertatu den tren istripuari buruz?
Gutxienez 64 pertsona hil eta dozenaka bidaiari larri zauritu dira, Urdan (Toledo) gaur izandako tren istripuan. Ezbeharra abiadura handiko bi trenen artean gertatu da, oraindik ikertzen ari diren arrazoiak tarteko.
Zenbat bidaiari zihoazen istripua izan duten bi trenetan?
Guztira, 544 bidaiari zihoazen. Esther Padilla Gaztela-Mantxako Gobernuaren bozeramaileak jakinarazi duenez, 147 bidaiari zihoazen Iryo konpainiako trenean, eta 397, AVE trenean.
Zenbat zauritu eta desagertu daude?
Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako presidenteak baieztatu du gutxienez 64 pertsona hil direla, baina ohartarazi du kopuru hori handitu egingo dela, oraingoz ezin izan direlako bagoi guztietara iritsi. Gainera, gutxienez 80 zauritu daude; horietatik 50 larri daude.
Bestalde, Guardia Zibilak bulegoak jarri ditu Madrilen, Sevillan, Kordoban eta Toledon, desagertutakoak identifikatzeko.
Non eta noiz gertatu da istripua?
Istripua gaur, asteazkena, gertatu da, 08:54an, Madril-Sevilla linean. Mora, Orgaz eta Urda batzen dituen 118. kilometroan jazo da ezbeharra.
Nola gertatu da talka?
Balizko arrazoien artean giza akatsa dago. Atochako geltokitik iritsitako lehen informazioen arabera, LZB segurtasun sisteman akats bat gertatu da, eta ondorioz zirkulazioa eten behar izan dute linea osoan.
Egoera horren aurrean, BSL sistema alternatiboa aktibatu dute, eta, horri esker, trenen zirkulazioa berrabiarazi dute. Iryo konpainiako trenak, baina, argitu gabe dauden arrazoiak tarteko, ez du lortu berriro martxan jartzea.
Arazo hori gorabehera, kontrol zentroko langileak Renfeko trenari zirkulatzen jarraitzeko agindua eman dio, seinale gorria piztuta egon arren. Hain zuzen ere, seinale horrek kantoi beretik zirkulatzea eragozten die trenei, alegia, denbora berean trenbidearen zati bera erabiltzea.
Non eska dezakete informazioa biktimen familiek?
Kaltetutako familiek Renferen (900 10 20) eta Iryoren (900 001 403) telefonoetan eska dezakete informazioa, baita Gaztela-Mantxako larrialdietarako zerbitzuaren telefonoaren bidez ere (900 122 112).
Ba al dago senideentzako arreta gunerik?
Bai. Adifek hiru arreta gune jarri ditu tren istripuko biktimei eta haien senitartekoei arreta emateko. Arreta guneak Atochako (Madril), Santa Justako (Sevilla) eta Julio Anguitako (Kordoba) geltokietan daude.
Gainera, Renfek, Andaluziako Gobernuak eta Madrilgo Psikologia Elkargoak psikologoak bidali dituzte tren geltokietara, biktimen senideei arreta emateko.
Istripuak zirkulazioari eragin dio?
Bai, Madril eta Sevilla arteko zirkulazioa eten dute, Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak baieztatu duenaren arabera. Renfek arreta guneak jarri ditu txartelak itzultzeko eta aldatzeko, baina gogorarazi du aldaketak online ere egin daitezkeela, "instalazioak ez kolapsatzeko".