Olatuak berriz ere mehatxu dira gaur, portu asko suntsituta baitaude
Beste olatu denborale batek, bigarrena hiru egunean, euskal kostaldea astinduko du gaur, igandekoak kalte material handiak egin eta gero.
Denborale hau ez da asteburukoa bezain bortitza izango (orduan alarma gorria zegoen, eta, gaur, alerta laranja), baina oraingoan "defentsa asko kaltetuta" daudela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak, hau da, dike asko suntsituta daude, eta olatuek herrietan barrena egingo ote duten beldur dira agintariak.
Horregatik, portu kaltetutak "premia handiz" konpontzeko lanak egiten ari dira, bereziki Bermeokoa. Horra 10 tonako hormigoi-blokeak eraman dituzte, 105 guztira, Markinako eta Foruko harrobietatik.
Olatuei, gainera, haize denboralea gaineratu behar zaie. Atzo indartsu jo zuen (150 km/h arteko boladak babes gabeko lekuetan, eta 100 km/h artekoak hiriguneetan), eta gaur, hasiera batean, arazo gutxiago sortzea espero bada ere, Jaurlaritzak abisu horia ezarri du.
Atzo arratsaldean, lau pertsona zauritu ziren Bizkaian, haizeak eramandako hainbat objektuk kolpatuta.
Bilbon, gizon bat zauritu zen 19:35ean, Libertate kalean, teila bat sorbaldan erorita, eta Basurtuko Ospitalera eraman behar izan zuten.
Barakaldon, beste gizon bat zauritu zen, eraikin bateko aurrealdearen zati bat gainean erorita, 19:55ean, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten.
Herri horretan bertan, 21:00etan, emakume bat ospitalera eraman behar izan zuten, haizeak lurrera bota baitzuen.
Laugarren zauritua Portugaleten izan zen, 20:10ean. Edukiontzi batek kolpatu zuen, Gregorio Urkiano kalean, eta osasun langileek han bertan artatu zuten.
Beste hainbat gertakizun
Haizeak 30 gertakari inguru eragin zituen, batik bat Bilbon eta Ezkerraldean (Bizkaia).
Bilbon, argindarrik gabe geratu ziren noizbehinka, eta, ondorioz, Autonomia kaleko semaforoak itzalita izan ziren.
Halaber, Gurutzetako Ospitalean hainbat xafla erori ziren, eta A-8 autobideko bi errei itxi egin behar izan zituzten, Kantabriarako noranzkoan.
Nafarroan, N-121-A errepidea guztiz itxi zuten Narbarten, kable batzuk erori zirelako.
Loiuko aireportuan, gainera, hiru hegaldi bertan behera utzi zituzten, eta beste hiru beste herri batzuetara bideratu behar izan zituzten.
Zure interesekoa izan daiteke
Kaltzadako bizilagunek bitartekaritza eskatu dute, euren etxebizitzen jabe den funtsaren "abusuzko prezioen" aurrean
Sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati bikotekidea bortxatzeagatik eta etengabe tratu txarrak emateagatik, Nafarroan
Indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala emateko akordioak 25 urte bete ditu
Urdako tren istripuaren biktimen aldeko hileta elizkizuna azaroaren 12an egingo dute Toledoko katedralean
Orioko Udalak Jaurlaritzari galdegin dio konpon dezala berehala duela 40 egun su hartu zuen ontziak eragindako egoera
Anderren heriotzan inplikatutako agenteei espedientea egitea baztertu duen alkatetzaren dekretua errekurritu egin dute
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyon partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak