Dozenaka atxilotu, gasolioaren salmentan iruzurra egiteagatik
Guardia Zibila eta Espainiako Aduanazaintza Zerbitzua operazio zabala egiten ari dira estatu osoan gasolioaren bidez egin omen den iruzurraren kontra, eta dozenaka lagun atxilotu dituzte, tartean hidrokarburoen negozioarekin lotutako enpresariak.
Ikerketako iturriek jakitera eman dutenez, operazioa estatuko 30 bat probintziatan egiten ari dira, eta dagoeneko hainbat etxebizitza, gasolindegi eta industriagune miatu dituzte.
Dirudienez, hainbat enpresatako gasolindegiak daude iruzurgileen artean. B eta C gasolioa (ohikoa baino merkeagoa), nekazaritzako makinetan eta berogailuetan erabiltzen dena, A gasolio bihurtzen zuten, autoek eta kamioiek erabil zezaten, baina moldatutako gasolio hori kaltegarria da motorrentzat. Bestelako hidrokarburo eta substantzia batzuk erabiltzen zituzten gasolioa aldatzeko eta gizentzeko.
Merkeago saltzen zenez, milaka kontsumitzailek jotzen zuten gasolindegi horietara, gasolio horrek autoari egin diezaiokeen kalteaz ohartu gabe.
Gainera, ikerketako iturrien arabera, gasolio salmentaz gain, droga-trafikoan ere jarduten zuten ustezko gaizkile talde horiek.