Tolosak gaitzetsi egin du 'ertzainen eta pertsonen arteko liskarra'
Tolosako Udalak, Bildu buru duenak, errefusatu egin ditu iragan Inauterietako indarkeria ekintzak, "ertzain batzuen eta pertsonen arteko liskarrak" tarteko.
Udalak oharra kaleratu du webgunean, eta "liskar" hura "lekuz kanpo" egon zela salatu du.
Segurtasun Sailaren bertsioaren arabera, Tolosako Kale Nagusian borrokan ari ziren lagun batzuk, eta ertzainak bertaratu zirenean, beste pertsona talde batek eraso egin zien, asteazken goizaldean.
Agenteetako bati tibia hautsi zioten, beste batek fisura du lepoan, eta hirugarrenak hainbat kolpe jaso zituen. Ustezko hiru erasotzaileak atxilotu egin zituzten eta agintarien kontrako atentatua leporatzen diete.
Tolosako Udalaren esanetan, elkarbizitzak denen "konpromisoa" eskatzen du: "Elkarbizitzaren sustapenean, denon inplikazioa behar beharrezkoa da, norberaren alea ezinbesteko baita, jazarpen, eraso, jipoi eta bestelako bortxen aurkako lanketan".
Segurtasun Sailak erasotzaileak defendatzea gaitzetsi du
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak "gogor salatu" du hiru ertzainei eraso egin zietenen eta horiek defendatzen dituztenen jarrera.
Izan ere, Tolosako herritar talde batek ustezko erasotzaileak defendatzeko prentsaurreko bat eman zuen, eta horren kontra agertu da.
Erne Ertzaintzaren sindikatuak ere "eraso bortitza" salatu, eta ez duela "inolako justifikaziorik" azpimarratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak