Adingabe batek irakasle bat hil du Bartzelonan
13 urteko gazte batek irakasle bat hil eta lau lagun zauritu ditu Bartzelonako institutu batean, etxean egindako balezta batekin eta laban batekin eraso egin eta gero.
Gertakaria 09:00ak aldera jazo da Joan Fuster La Sagrera auzoan dagoen institutuan, ikerketako iturriek jakinarazi dutenez. Larrialdi Zerbitzuak berehala bertaratu dira.
Esquadrako Mossoek institututik gertu dagoen plaza batean identifikatu (14 urte beherakoa denez, ezin dute atxilotu) eta institutu barruan dute, zaintzapean.
Astelehen honetan guardian zegoen Bartzelonako 24. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak izapideak abiatu ditu eta Adingabeen Legea aplikatu du. Hala, adingabeen fiskaltzak eta epaileak izango dute azken hitza. Aurrez, aditu talde batek mutikoaren egoera aztertuko du, adingabea eta haren familia elkarrizketatu ostean.
Horren harira, gaztea psikiatria ospitale batera eraman dute bere osasun egoera aztertzeko. Bestalde, Irene Rigau Hezkuntza kontseilariak esan du 13 urteko mutikoak nahastuta zuela burua, eta ziurrenik agerraldi psikotiko bat izan dela.
Irakasle bat zauritu du aurrena
DBHko 2. mailako ikaslea berandu heldu da ikasgelara. Atera deitu du, eta Gaztelerako irakasleak atea zabaldu dionean, etxean egindako baleztarekin tiro egin dio adingabeak. Ondoren, irakaslearen alaba zen beste ikasle bati eraso dio.
Oihuak entzutean, ondoko gelako irakasle bat bertaratu da eta honi zeraman labanarekin eraso dio gazteak. Bigarren irakasle honek zauria zuen bularraldean eta handik gutxira hil da. Adingabea beste ikasgela batera sartu da eta beste ikasle bati eraso dio labanarekin.
Mutikoak molotov koktel bat ere atera du motxilatik, eta eztandarazi egingo zuela mehatxu egin du.
Hildakoak bi aste zeramatzan Historiako irakasle, beste baten ordezkapena egiten.
Laugarren lagun bat ere zauritu du adingabeak, guardian zegoen irakasle bat. Azken hau institutura bertaratu diren medikuek artatu dute, eta han bertan eman diote senda-agiria. Zauritutako beste hiru lagunak Sant Pau ospitalera eraman dituzte. Hirurek zauri arinak dituzte eta egonkor daude.
Ospitaleko iturriek jakinarazi dutenez, irakasleak zauria du aurpegian eta haren alabak, hankan. Labanaz zauritutako beste mutikoa, 14 urtekoa, egonkor dago.
Bartzelonako Udalak Larrialdien Urgentziazko Zentroa zabaldu du laguntza beharko luketen ikasleen senitartekoak edo ikasleak hartzeko. Larrialdi Zerbitzuek antsietateak jota zeuden hainbat ikasle artatu behar izan dituzte institutuan bertan.
Irakasle guztiak hilko zituela esan omen zuen
Gertatutakoen ikerketa Esquadrako Mossoen Ikerketa Kriminalerako Arloko agenteek hartu dute bere gain, eta lekukoak galdekatzen hasi dira jada.

Ustezko erasotzailearen ikaskide batzuek esan dutenez, adingabeak "irakasle guztiak" hilko zituela eta gero bere buruaz beste egingo zuela adierazi zien. Beste ikasle batzuen arabera, mutilak esan zien "aspalditik" zuela dena pentsatuta eta akabatuko zituen lagunen zerrenda, baina informazio hori gezurtatu egin dute ikerketako iturriek.
Asteazkenean berrekingo diete eskolei
Xavier Trias Bartzelonako alkatea, Irene Rigau Hezkuntza kontseilaria eta hainbat zinegotzi institutura joan dira, gertakariak bertatik bertara jarraitzeko.
Maria Dolors Parramon Joan Fuster institutuko zuzendariak iragarri duenez, bihar zentroan bertan laguntza psikologikoa izango dute ikasleek eta asteazkenean, "ahal den neurrian" eskolei ekingo diete berriz.
Xavier Trias eta Irene Rigaurekin batera eskainitako galderarik gabeko adierazpenean Parramonek azaldu duenez, aparteko klaustroa egingo dute gaur (20:00) "aholkularitza orokorreko neurriak" adosteko eta bihar 10:00etan ikasleak hartuko dituzte (12:00etara etxean egongo dira). Asteazkenerako, berriz, eskolei berrekingo diete eta biktimen omenezko ekitaldi bat egingo dute.
Gertakariak Kataluniako hezkuntza komunitatea astindu du. Sindikatuek jazotakoa gaitzetsi dute eta biktimen senitartekoei doluminak agertu dizkiete. Horrez gain, astearterako bost minutuko elkarretaratze isilak deitu dituzte Kataluniako eskola guztietan (12:00etan). Kataluniako Gobernuak dolu eguna ezarri du astearterako.
Triasek Joan Fuster institutuko kide guztiei babesa agertu die Twitterren:
Zure interesekoa izan daiteke
Hiru adingabe identifikatu dituzte Plentziako jaietan Ertzaintzari botilak jaurtitzeagatik
16 eta 17 urteko gazteek bi patruilari eraso zieten abuztuaren 29ko goizaldean, irain eta oihu artean.
Santurtziko gaztea bi ordu geroago eraman zuten ospitalera, eta ez zuten jakinarazi taser batekin atxiki zutela
Hala jasotzen du Osasun Sailak aurkeztutako kronologiak. Familiak salatu duenez, agenteek hasieratik jakinarazi izan balute taser-pistola bat erabili zutela hura mendean hartzeko, bestela artatuko zuketen.
Donostian perdigoi-tiroen ondorioz zauritutako gizon baten aurkako eraso arrazista salatu dute
Gizonak hiru jaurtigairen kolpea jaso zuen aurpegian eta bizkarrean. Harrera Sarearen arabera, "hilabete gutxiren buruan etorkin bati egin zaion horrelako bigarren erasoa da".
Esako urtegian aurkitutako gizon zatikatuaren hilketaren ustezko egilea espetxeratu dute
Biktimaren eta susmagarriaren etxebizitzan aurkitutako ebidentziek, segurtasun-kamerek hartutako irudien analisiarekin batera, krimenaren kronologia ezartzea eta susmagarri nagusia atxilotzea ahalbidetu dute.
Medikuek urriaren 28an hasiko dute greba mugagabea
Euskadiko Medikuen Sindikatua sartuta dagoen Greba Batzordeak Estatutu Markoaren aurka borrokatzeko greba mugagabea iragarri du. Horrekin batera, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, beste bost greba egun egitera deituta daude Osakidetzako langileak, urritik abendura bitartean.
Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria: “Zenbat eta sentsibilizazio lan handiagoa egin, orduan eta kasu gehiago azaleratzen dira sexu askatasunaren kontrako delituei lotuta"
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak gaur Euskadi Irratian azaldu duenez, genero-indarkeriagatik edo sexu-askatasunaren aurkako delituengatik Euskadin jarritako salaketen kopuruak goranzko joera du. Horren hitzetan, igoera hori, neurri batean, sentsibilizazio-lanaren eta biktimen eskura baliabide eta zerbitzu gehiago jartzearen ondorio da, babes handiagoa ematen baitiete eta salaketa jartzera bultzatzen baitituzte.
PISAko emaitza txarren gakoak sakon eta denboraz aztertu behar direla diote adituek
Ostiral honetan EAEko 900 ikastetxetako ordezkariekin bildu aurretik, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua aditu talde batekin bildu da gaur arratsaldean, hezkuntza-sistemaren gabeziak aztertzeko. Horietako batek, Junkal Gutierrezek, azaldu du ez dagoela faktore bakar bat PISA txostenak erakutsitako emaitza txarrak azaltzen dituena, eta askotarikoak izan daitezkeela.
CAFen Beasaingo plantako komun batean kamera bat aurkitu dute eta langile batek bere burua erruduntzat jo du
Enpresa Batzordeak gertatutakoa salatu du eta "elkartasun osoa" adierazi die "eraso hau jasan ahal izan duten pertsona guztiei". Ertzaintzak ikerketa zabaldu du.
'Euskara Bonuaren' estreinaldiarekin hasi da euskaltegietako matrikulazioa
Ekimen horri esker, euskara lau urtez ikas daiteke 120 euroko ordainketa bakarra eginda, eta herritar gero eta gehiago hizkuntzaren "erabiltzaile independente" izatea du helburu.
Hezkuntza Saila arratsaldean bilduko da ebaluaziorako aditu taldearekin PISA txostenaren emaitzak aztertzeko
Begoña Pedrosa sailburuak gidatuko du gaurko bilera, eta hezkuntza-sistemaren gabeziak aztertzeko balioko du, besteak beste. Hausnarketa horiek guztiak bihar BECen bilduko diren 900 ikastetxeetako ordezkariei helaraziko dizkiete, elkarrekin aurrera pausoak emateko.