Atxilotu bat Galizian, bi pertsonaren hilketarekin lotura duelakoan
Guardia Zibilak gizonezko bat atxilotu zuen ostiral gauean Galizian, Pontevedrako Arbo herrian hilik agertu ziren gizonezko eta emakumezko baten hilketarekin zerikusia izan dezakeelakoan. Atxilotutako gizona hildako emakumezkoaren bikotekide ohia da kasuko iturriek Europa Press albiste agentziari berri eman diotenez.
Oraingoz ez dute zehaztu atxilotua noiz igaroko den epailearen aurretik, Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiko iturrien esanetan.
Iturri horien arabera, Ponteareaseko 3. zenbakiko epaitegiak hartu du bere gain kasua eta Pontevedrako Polizia Judiziala ari da ikerketa egiten. Halaber, sumarioa sekretupean dago.
Biktimen hilotzak ibilgailu baten barruan topatu zituzten gaueko bederatziak aldera. Hildakoek 30 eta 36 urte zituzten.
Igande arratsaldean emango diete lurra hildakoei beren jaioterrietan.
Arboko (Pontevedra) Udalak hiru eguneko dolua ezarri du
Arboko Udaleko osoko bilkurak hiru eguneko dolua ezartzea erabaki du atzo hilik topatu zituzten bi pertsona horien hilketa dela eta. Halaber, Udalak indarkeria gaitzetsi du.
Banderak masta erdian jarriko dituzte hiru egunez eta bertan behera utzi dituzte asteleheneko udalbatza eta datozen egunetarako aurreikusita zeuden hainbat ekitaldi.