Plentziako kirol-portuko 204 amarratze-lekuren esleipen berria aurten osatzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak aurreikusi du 2021eko deialdian sartuta dauden Plentziako kirol-portuko kirol-nabigazioko ontzientzako 204 amarralekuen esleipen berria urtea amaitu baino lehen osatzea.
Helburu horrekin, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundeko zuzendaritzak epaitegira bidali du esleipenen ebazpen-proposamena, eta prozedura osatzeko zozketa abenduaren 14an egitea aurreikusi du.
Aurrerapauso hori urriaren 14ko ebazpen judizialaren ondoren gertatu da. Ebazpen horrek EKPk aurkeztutako betearazpen-intzidentea ebatzi du, eta errekursogileetako batek prozedura berri bat deitzeko eskaerari uko egin izana baliozkotu du.
Horrez gainera, 2021ean egindako esleipenen baliogabetzeari eusten dio, eta esleipen berri bati ekiteko aukera ematen du, urte hartako urtarrilaren 20an onartutako deialdiaren oinarrien arabera.
Prozeduraren jatorria EKPk 2021ean onartutako plazen esleipenaren aurka aurkeztutako errekurtsoetan dago. Eusko Jaurlaritzak gogorarazi duenez, errekurtso horien ondorioz, esleipenak baliogabetzera behartzen zuten hamar epai irmo eman ziren.
Epai horien edukia aztertu ondoren, EKPk esleipen hura indarrik gabe uztea erabaki zuen. Aldi berean, behin-behinean eta ezeztatzeko aukerarekin baimena eman zuen instalazioak ordura arte erabiltzen zituzten ontziek bertan jarraitu ahal izan zezaten, prozedura berria amaitu arte.