ZERO CLICK IRUZURRAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Klikik egin gabeko WhatsApp bidezko iruzurrak: Ertzaintzaren gomendioak 359 kasu detektatu ondoren

Iruzurgileek segurtasun-ahulgune bat baliatzen dute kontaktuei dirua eskatzeko, erabiltzaileek inolako klikik egin gabe. 359 kasu detektatu ditu Ertzaintzak azken bost hilabeteotan, eta herritarrei kontuz ibiltzeko deia egin die.

Klikik egin gabeko WhatsApp bidezko iruzurrak: Ertzaintzaren gomendioak 359 kasu detektatu ondoren
Ertzaintzaren oharra iPhone batean. Irudia: EITB

Klik bakarra ere egin gabe: halaxe hedatzen ditu mezuak ‘zero click’ izenaz ezagutzen den iruzurrak. Ekainetik hona nabarmen egin dute gora salaketek EAEn: 359 kasu detektatu ditu Ertzaintzak, guztiak telefono mugikorreko IOS sistema eragilean eta WhatsApp aplikazioaren bitartez egindakoak.

Iruzurraren eraginez, kutsatutako telefonoak mezuak bidaltzen dizkie mezuak erabiltzailearen kontaktuei, “premialdi bati erantzuteko” dirua eskatuz. Erasoak material kriptografikoa lortzen du eta, horri esker, saioak “bikoizten” ditu, jatorrizko gailuan inolako arrastorik utzi gabe. Gailuaren kontrola lortzen dutenean, kontaktuei dirua eskatzen hasten dira.

Lehen kasuak Italian eman ziren, iragan maiatzean. Orduz geroztik, 359 izan dira EAEn: 211 Bizkaian, 83 Gipuzkoan eta 65 Araban.

Nafarroan ere eman dira kasuak: Foruzaingoak abuztuaren 5ean jaso zuen lehen salaketa, eta hamar kasu detektatu zituen lehen hilabetean zehar. Ildo berean, irailean, Espainiako Polizia Nazionalak adierazi zuen “igoera nabarmena” detektatu zuela foru erkidegoan. 

 

Sistema eta aplikazioa eguneratzea

IOS da Apple ekoizle teknologikoaren iPhone telefonoak darabilen sistema eragilea. Segurtasun-ahultasun bat izan du sistemak, eta beste bat WhatsApp bat-bateko mezularitzarako aplikazioak.

Segurtasun-arrakala zuzendutzeko, sistema eragilea eta mezularitza-aplikazioa eguneratu behar dira: zehazki IOS 16.7.12 bertsiora eta WhatsApp 2.25.21.78 bertsiora.

 

Ertzaintzaren gomendioak

Zibersegurtasuna Koordinatzeko Batzordea ikerketa-lanetan ari da. Bien bitartean, herritarrei sei gomendio luzatu dizkie Ertzaintzak:

  • IOS bertsioa eguneratu (iPhone erabiltzaileek Whatsapp eguneratu aurretik egin beharreko pausoa).
  • Whatsapp bertsioa eguneratu.
  • Kontua arriskuan badago: kontaktuei beste bide batetik abisatu, frogak gorde eta Ertzaintzan salaketa jarri. WhatsApp ezabatu eta berriro instalatu, modu horretan kontuaren kontrola berreskuratze aldera (betiere IOS bertsioa eguneratu ondoren).
  • Bi urratseko egiaztapena aktibatu.
  • Lotutako gailu ezezagunetan WhatsApp saioak itxi.
  • Eskaera txat bidez jasoz gero, ez erantzun mezuari: erabiltzaileari zuzenean deitu, edo beste moduren batean jakinarazi. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X