Bi milioi euro, denboraleek Gipuzkoan utzitako kalteak konpontzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako, Zarauzko eta Debako udalek bi milioi euro pasatxo jasoko dituzte 2014ko itsas denboraleek utzitako kalteak konpontzeko. Espainiako Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioak emango ditu, diru-laguntza bidez, Gobernuak Gipuzkoan duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez.
Zehazki, 2.088.312,50 euro emango diete udal eta foru gobernu horiei. Olatuek triskantza eragin zuten Gipuzkoako herri batzuen errepide eta azpiegituretan, eta horiek konpontzeko lanen % 50 finantzatzeko asmoa du diru partida honek.
Donostiako Udalak 1.345.285,61 euro jasoko ditu 31 lan egiteko. Besteak beste, honakoak konponduko dituzte Gipuzkoako hiriburuan: Zurriolako zubiaren galeria, Kontxako pasealekuko baranda eta ostikoak eta Paseo Berriko baranda, hiri-tresneria eta argi-sistema.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, 392.100,92 euro izango ditu bederatzi lan egiteko; Zarautz eta Getaria lotzen dituen Gi-634 errepideari eusteko horma egonkortzeko lanak, besteak beste.
Zarautzen, Iñurritza oinezkoen pasealekua konpondu behar dute, eta 347.575,19 euro bideratuko dituzte horretara.
Debako Udalak 3.350,89 euro jasoko ditu, konponketa txikiak egiteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak