Txostena
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskarak 'aurrera egin du nabarmen EAEn', Europako Kontseiluaren ustez

Eusko Jaurlaritzaren politika linguistikoa txalotu du txostenean. Foru gobernuarekin, aldiz, kritiko agertu da.
MAM-eko argazkia: jendea-bilbon_
16 urte gorako herritarren % 32 elebiduna da. EiTB

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) "aurrerapen nabarmena" egin du euskarak azken urteotan. Diagnosi baikor hau Europako Kontseiluak egin du, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna Espainian nola betetzen den ebaluatzeko 4. txostenean.

Kontseiluko Adituen Batzordeak estatuek eta eskualdeetako administrazioek Gutuna betetzen ote duten aztertzen du aldian behin, eta gaur 2010 eta 2013. urteen arteko egoerari buruzko txostena argitaratu du. EAEn zein Nafarroan euskararen egoera ikuskatzeaz gain, bi erkidegoetako gobernuek hizkuntza hori sustatzeko egindako proiektu eta planak aztertu ditu.

Adituon ustez, Eusko Jaurlaritzak darabilen politika linguistikoa "erabakigarria" izaten ari da euskara sustatzeko. Beste iritzi bat du foru gobernuaren jarreraz. Kontseiluaren arabera, Euskarabideari bideratutako aurrekontua "etsigarria" da, eta EAEko gobernuarekin lankidetza indartzeko deia egiten dio. Besteak beste, euskarazko komunikabideen presentzia bermatzeko eskaera egin dio Nafarroako Gobernuari.

Egoera linguistikoa

2011ko V. Inkesta Soziolinguistikoa oinarri hartuta, EAEko herritarrek euskararen inguruan duten ezagutza eta erabilera maila jaso du txosten horretan Europako Kontseiluak. Horren arabera, 16 urtetik gorako herritarren % 32 elebiduna da, eta gazteen artean (16 eta 24 urte bitartekoak) handiagoa da elebidunen kopurua, % 60 ingurukoa. Herritarren % 20k euskara erabiltzen du bere egunerokoan. Datuok kontuan hartuta, euskarak "aurrerapen nabarmena" egin duela uste du Kontseiluak, "azken 30 urteetan 0.5 puntuko hazkunde iraunkorra izan duelako".

Euskarak Nafarroan duen egoerari buruzko azken inkesta soziolinguistikoa 2013. urtearen amaieran egitekoa zela ohartarazi du Kontseiluak. Dena dela, Nafarroako hizkuntza eremu ezberdinen artean "ezberdintasun handiak" daudela nabarmendu dute adituek, baita gazteen artean euskararen erabilerak izandako gorakada ere.

Adituen Batzordeak Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak justizian, osasunean, hezkuntzan edota komunikabideen alorrean emandako pausoak aztertu ditu txostenean, eta foru gobernuarekin bereziki kritiko agertu dira adituok. Besteak beste, gutxienez euskarazko irrati eta telebista kate bana bermatzeko eta Jaurlaritzarekin lankidetza handitzeko deia egin diote Nafarroako Gobernuari.

Zure interesekoa izan daiteke

CEUTA, 20/08/2026.- Migrantes son desalojados de la playa del Trampolín en Ceuta tras habilitarse un espacio para su acogida este jueves. El Gobierno ha habilitado temporalmente varios espacios para la acogida de 1.800 personas migrantes que se encuentran en situación de calle en la playa del Trampolín y en la zona de Loma Colmenar, en Ceuta, que prevé ampliar progresivamente. EFE/Reduan
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

1.200 pertsona migrantetik gora lekualdatu dituzte Ceutako El Trampolin hondartzatik harrera-gune berrietara

Goizean ekin diote pertsona migratzaileak lekualdatzeko lehen faseari, uztail amaieran Ceutan izandako oldearen ondotik hondartza hustu asmoz. Lekualdatzea oinez eta taldeka egin da, inolako isitilurik gabe. Lekualdatutako ia erdiak hondartzara itzuli dira; gehienak, beren gauzak berreskuratzera, baina batzuk berriro han lo egiteko asmoz bueltatu dira.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X