Trafikoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Atxilotu bat Etzegaraten, edanda gidatu eta istripu bat eragiteagatik

42 urteko kamioi-gidariak botatako aire litroko 1,13 miligramoko alkohol tasa eman du.

Ertzaintzak kamioi-gidari bat atxilotu du Etzegarate mendatean, N-1 errepidean aurkako noranzkoan gidatu, istripu bat eragin eta alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Baimendutako alkohol-tasa zazpi aldiz gainditu zuen gidariak.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ohar bidez gaur jakinarazi duenez, istripua 06:45ean gertatu zen. Kontrako norabidean zihoan kamioi-gidariak lur orotako ibilgailu batekin egin zuen talka, eta ibilgailuko hiru bidaiariak bertan harrapatuta gelditu ziren. Ondorioz, suhiltzaileek atera behar izan zituzten.

Zaurituak, 8 eta 43 urteko bi gizon eta 36 urteko emakume bat, Donostia Ospitalera eraman zituzten, eta errepidea itxita egon zen Donostiarako noranzkoan gaueko bederatziak arte.

Ondoren, Ertzaintzak zehaztu zuen kamioi-gidaria kontrako noranzkoan zihoala istripua izan zenean, eta alkoholaren eraginpean gidatzen ari zen zantzuak zituela.

Alkoholemia-proba egin ondotik, botatako aire litroko 1,13 eta 1,11 miligramoko alkohol-tasa eman zuen, eta kamioi-gidariek gehienez ere 0,15 miligramokoa eman dezakete.

Atxilotua (42 urte) gaur igaroko da epailearen aurretik.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X