AEBk 172 milioi upel aterako dituzte beren petrolio erreserba estrategikoetatik
Ormuzko itsasartetik igarotzen ari ziren itsasontzien aurkako azken erasoen ondotik, Brent upelaren prezioa 100 dolarretik gora igo da.
Europan erreferentzia den Brent upela 100 dolarretik gora kokatu da berriro. Argazkia: EFE
Ekialde Hurbileko gerrak eragindako petrolio krisiak bultzatuta, Ameriketako Estatu Batuek iragarri dute beren petrolio erreserba estrategikoetatik 172 milioi upel merkaturatuko dituztela.
AEBko Energia Departamentuak jakinarazi duenez, Donald Trump presidente estatubatuarrak baimena eman du datorren astetik aurrera petrolio erreserbaren zati bat merkatura ateratzeko. Chris Wright Energia idazkariaren arabera, upelak 120 egunetan zehar merkaturatuko dira gutxi gorabehera.
Bart etorri da AEBren erabakia, Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) bere erreserba estrategikoetatik 400 milioi upel merkaturatuko zituela iragarri ondotik.
1973ko petrolio krisiaren ondotik Energiaren Nazioarteko Agentzia sortu zenetik, erreserbetatik ateratako inoizko kantitaterik handiena da. 2022an ere, Ukrainako gerraren hasieran, petrolio erreserbak baliatzea erabaki zuen aipaturiko agentziak.
Erasoak Ormuzko itsasartean
AEBk eta Israelek Iranen aurka abiatutako gerra Ormuzko itsasartera zabaldu da. Gatazka hasi aurretik, mundu osoan ekoitzitako petrolioaren laurden bat igarotzen zen bertatik.
Britainia Handiko itsas agintariek jakinarazi dutenez, azken orduetan bi petrolio-ontziri eta kargaontzi bati eraso egin diete. Petroliontzi barruan zihoazenak bertatik atera behar izan dituzte, baina momentuz ez dute biktimen inguruko informaziorik zabaldu.
Hori guztia dela eta, petrolioaren prezioak gora eta gora egiten jarraitzen du. Europan erreferentzia den Brent upelak 100 dolarren langa gainditu du berriro eta Texaseko upelak igoera handiekin amaitu zuen atzoko saioa.
Petrolio erreserbak merkaturatuta, prezioen igoera apaltzea eta segurtasun energetikoa indartzea lortu nahi dute.