Erasoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Atxilotu bat Aretxabaletan, bi pertsona sastatu izana egotzita

Erasoa Arrasateko Zarugalde kalean jazo da, goizaldeko 5:00ak aldera.

24 urteko gazte bat atxilotu du gaur goizaldean Ertzaintzak Aretxabaletan (Gipuzkoa) bi gizonezkori eraso eta kolpeak emategatik. Horietako batek sabelaldean eta ipurmasailean ebakiak izan ditu, arma zuri batez eragindakoak, Segurtasun sailak jakinarazi duenez.

Norbanako batzuek Ertzaintzari abisu eman diote goizaldeko 5:00ak aldera, Arrasateko Zarugalde kalean eraso bat gertatzen ari zela esanez.

Behin ertzainak tokira bertaratuta, osasun-zerbitzuek artatzen ari ziren gizonezko bat lurrean botata zegoela ikusi ahal izan dute. Antza denez, gorputzean zehar hainbat kolpe zituen, baita arma zuri batez eragindako zenbait ebaki ere sabelaldean eta ipurmasailean.

Horrez gain, beste gizonezko batek buruan zauri bat zeukala ere ikusi ahal izan dute.

Gertatutakoari buruz galdetu ostean, Ertzaintza ustezko erasotzailearen bila hasi da, eta handik ordubetera aurkitu, identifikatu eta atxilotu dute Aretxabaletako bere etxera zihoanean.

Ertzainek atxilotuaren autoaren barruan ezkutatuta 12 zentimetroko labana bat topatu dute, eta atzitu egin dute erasoan erabili den arma izan daitekeelakoan.

Bestalde, zaurituak osasun-zentro batera eraman dituzte, eta alta eman diete zituzten zauriak sendatu eta gero.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X