Marten izandako uholde baten berri eman du Europako Espazio Agentziak
Marten izandako uholde baten berri ematen duten argazkiak zabaldu ditu ostegun honetan Europako Espazio Agentziak (ESA, ingelesez). Gainera, Mars Express espazio-zundak ateratako argazki horietan meteoritoen talkak ikus daitezke.
“Duela milioika urte planeta gorrian gertatutako aldaketa geologikoa islatzen dute argazki horiek”, jakinarazi du ESA agentziak ohar baten bidez.

Europako Espazio Agentziaren arabera, Marten “ura eta izotza” egon zela erakusten dute irudi horiek, duela 3.500 milioi urte inguru, 25 kilometro zabaleko krater batean uholde bat egon zela frogatu baitu Mars Express espazio-zundak.
Planeta gorrian beste arrasto batzuk atzeman dituzte, eta uholdearen kontrako noranzkoan doan estela nagusi bat ikusteko aukera izan dute ikerlariek. Agentzia horren esanetan, normalean mendebaldeko haizeak jotzen zuela erakutsiko luke datu horrek.
Mars Express espazio-zundak 2016ko maiatzaren 25ean egin zituen argazkiak. Espazio-zunda hori 2003. urtean jaurti zuten, planeta gorriaren lurrazala aztertzeko eta noizbait ura egon den argitzeko.
