12 hiri handik neurri berriak adostu dituzte 'zero emisioak' lortzeko
Lau kontinentetako 12 hiri handik 2025era bitartean erregai fosilek bultzatutako autobusak erabiltzeari utzi eta 2030era bitartean hirietako "eremu handi batean", horien erdigunean gehienbat, "zero emisioak" lortzea adostu zuten atzo, astelehena, Parisen.
Europako Paris, Londres, Bartzelona, Milan eta Kopenhage; Amerikako Los Angeles, Seattle, Vancouver, Mexiko eta Quito; Afrikako Lurmutur Hiria eta Ozeaniako Auckland hiriek klima aldaketaren aurkako borrokan aitzindariak izateko konpromisoa hartu dute.
Anne Hidalgo Parisko alkateak emandako azalpenen arabera, "kaleetako segurtasuna eta irisgarritasuna handitu", "aire garbia lortu" eta "hiritarren bizi kalitatea hobetu" nahi dute egitasmo horrekin.
C40 mugimenduan (munduko 90 hiri handi biltzen ditu) parte hartzen duten hirietan sortzen diren negutegi efektuko gasen emisioen heren bat trafikoak eragiten du.
Gainera, itunaren sinatzaileen arabera, ibilgailuen pilaketek BPGaren % 1eko gastua eragiten dute ekonomian.
Hori dela eta, iragarritako helburuak betetzeko, oinezkoentzako kale eta bidegorri kopurua handitu, ibilgailu kutsakorren kopurua murriztu, emisiorik gabeko autobusak erabili eta bi urtean behin emandako aurrerapausoak txosten batean jasotzeko konpromisoa hartu dute hiriburu horietako alkateek.
Hidalgok eskerrak eman dizkio Michael Bloomberg New Yorkeko alkate ohi eta enpresariari, horren "babesik gabe ezinezkoa litzatekeelako halakorik antolatzea".
Ada Colau Bartzelonako alkatearen esanetan, "ez da kasualitatea hiriak izatea protagonistak" klima aldaketaren aurkako borrokan, kutsaduraren ondorioak zuzenean pairatzen baitituzte.
"Estatuak elkarrekin lehiatzen dira askotan, eta adierazpenak egin egiten dira, baina denbora gehiegi behar izaten da praktikan jartzeko. Hirietan, bitartean, kutsadura maila gora egiten ari dela ikusten ari gara, eta hori kaltegarria da herritarren osasunarentzat", esan du beste alkateekin batera egindako prentsaurreko batean.
Zure interesekoa izan daiteke
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak