Loiolako eta Urumeako zabortegiak desegingo ditu Donostiako Udalak
Loiolako legez kanpoko zabortegia eta Urumeako autobiaren eta trenbidearen artean kokaturik dagoen hondakindegi klandestinoa desegingo dituela iragarri du gaur Donostiako Udalak.
Miguel Angel Diez zinegotziak gaur agiri batean jakitera eman duenez, zabortegi klandestinoa “berehala” desegiteko agindua eman dute, Eguzki kolektibo ekologistak asteartean salatu ondoren.
Jarduera “klandestino eta kutsakorrarekin” amaitzeko “beharrezko neurriak” hartzea eskatu zion kolektibo ekologistak Udalari, eta baita “isurien arduradunak zigortzea” ere.
“Ez da isuri zehatz edo bakan bat, astez aste obra-hondakin gehiago pilatzen ari dira bertan”, adierazi zuen Eguzkik agiri batean. Zabortegia Goiaz Txikitik gertu dagoela zehaztu zuen.
Ondarretako hondartza
Bestalde, azken asteetako euri-jasek Ondarretako hondartzaren horman egindako kalteak dagoeneko konpontzen ari direla azaldu du Diezek.
“Laster arazoa konponduta egongo da eta zuloa handitzea eragotziko dute”, ziurtatu du zinegotziak.
Zure interesekoa izan daiteke
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak