Donostiako tatuatzailearen atxilo-aldia luzatzea erabaki du epaileak
Hainbat emakumeri sexu gehiegikeriak egitea leporatuta Donostian atzeman zuten tatuatzailearen atxilo-aldia luzatzea erabaki du gaur epaileak.
Gizonezkoa gaur arratsaldean eraman dute epailearen aurrera. Izapideak amaitu bitartean, haren atxilo-aldia luzatu du honek.
Ikerketari buruzko informazio guztia epaileari eman dio Udaltzaingoak. Orain arte 14 emakumezkok jarri dute salaketa.
Udaltzaingoak atzo miatu zuen atxilotuaren establezimendua, bera aurrean zela. Zenbait kutxa eta material informatiko eraman zuten handik.
Urtebete eta erdi zeraman lokal horretan tatuajeak egiten.
Emakume batek eman zuen lehen abisua, Facebook sare sozialean argitaratutako ohar baten bidez gizon horrek sexu-jazarpena egin ziola salatuta.
Udaltzaingoak ofizioz abiarazi zuen ikerketa orduan eta horren ondotik iritsi zen gero Donostiako tatuatzailearen atxiloketa, indarkeria matxista delituak egotzita.