Gizon bat atxilotu dute Portugaleten 2014an egindako sexu-eraso bat leporatuta
Ertzaintzak 34 urteko gizonezko bat atxilotu du 2014an Portugaleten sexu-eraso bat egitea egotzita.
Segurtasun Sailak zabaldu duenez, atxiloketa Ertzaintzako agenteek egin zuten atzo, asteartea, goizean, Abanton (Bizkaia).
Biktimak jarritako salaketaren arabera, 2014ko urriaren 12ko goizaldean, etxerako bidean (Portugalete), atarian sartu zenean, gizonezko batek atzetik eraso zion, eta lurrera bota zuen. Ondoren, hainbat ukabilkada eman zizkion, eta kamiseta kentzen saiatu zen, sexu-erasoa egiteko asmoarekin.
Halere, biktimak erasoaren aurka gogor egin zuenez, erasotzaileak ukituak besterik ezin izan zizkion egin, baina ukabilkadak ematen jarraitu zuen. Gainera, burua bi eskuekin hartu zion eta loreontzi baten aurka kolpatu zion. Jarraian, biktima mendean hartzeko gai ez zela ikusita, kolpatzeari utzi zion eta alde egin zuen, korrika.
Gertatutakoa salatu eta gero, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, baina zailtasun ugari izan dituzte. Halere, azkenik, ikertzaileek ustezko egileari erasoa leporatzeko nahikoa froga batu ahal izan dituzte.
Horrela, 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Abanton, sexu-erasoa egitea egotzita, eta Polizia-etxera eraman zuten. Datozen orduetan eramango dute epaile aurrera.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.
Zure interesekoa izan daiteke
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak