Metroaren igarobidearen lanak bertan behera uzteko eskatu dute Donostian
Ehunka lagun bildu dira Donostian larunbat arratsalde honetan Donostialdeko metroaren igarobidearen aurkako protesta batean, Satorralaia auzo-mugimenduak deituta. Hasi berri diren metroaren lanak bertan behera geratzeko eskatu dute parte-hartzaileek, eta metroaren proiektua gogor salatu dute berriro, esanez "zarrastelkeria" dela. Gainera, proiektua herritarrek eztabaida dezatela eskatu dute.
"Metroa berehala gelditu! Donostia ez zulatu!" lelopean egin dute martxa. Satorralaia auzo-mugimenduko kideek adierazi dutenez, metroaren proiektuak "desadostasun handia zabaldu du Donostiako herritarren artean, eta herriari inposatu zaio, gure aldarrikapenei eta protestei ez entzunarena eginda". Hori dela eta, Donostiako garraio sarea hobetzearen alde egin dute, "eraginkorragoa eta jasangarriagoa baita".