Uztailak 12, 13 eta 14an
Gorde
Kendu nire zerrendatik

FACUAk Last Tour salatu du BBK Liven janaria eta edariarekin sartzea galarazteagatik

Elkartearen arabera, neurriak zentzua izango luke "bere jarduera horren moduko produktuak saltzea balitz, jatetxe batean bezala, esaterako". Bigarren aldia da Last Tour salatzen duela.
Iazko kontzertu baten irudia. Argazkia: EFE
Iazko kontzertu baten irudia. Argazkia: EFE

FACUA kontsumitzaileen defentsarako elkarteak Last Tour Bilbao BBK Live 2018ko (uztailak 12, 13 eta 14an) antolatzailea salatu du Kontsumobideren aurrean, musika jaialdiaren esparrutik kanpo erositako edaria eta janaria esparruan sartzea debekatzeagatik.

FACUAk jakinarazi duenez, Bilbao BBK Live 2018ko web gunean, "informazio orokorra" sailean, erabiltzaileek jarraitu beharreko arauak argitaratu dituzte eta hor agertzen da, besteak beste, "kanpoko edariarekin eta janariarekin" sartzeko debekua.

Elkartearen esanetan, "Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren arabera, kanpoko edariarekin eta janariarekin sartzea ez baimentzea abusuzko klausula da 82.1 artikuluak dioenez. Horren arabera, kontratuko aldeen eskubide eta betebeharren artean desoreka eragiten duten jarduerak" lirateke gehiegikeria sortzen dutenak.

Era berean, FACUAk azaldu duenez, Gaztela Mantxako Justizia Auzitegi Nagusiak zinema aretoetara janari eta edariarekin sartzeko debekuaren gainean emandako epai baten arabera, "ez da zentsuzkoa kontsumitzailearen aukeratzeko gaitasuna mugatzea" eta "aretoetara sartzea baldintzatzen bada, produktuen arabera, eta barruan soilik erositakoak kontsumitu ahal badira, modu ez zuenean eskatu ez dituen zerbitzuak derrigorrez erabiltzera behartzen da".

Halaber, Aecosan Kontsumo, Elikagaien Segurtasun eta Nutrizio Agentzia Espainiarrak 2016an plazaratutako txosten batek (zinema aretoetako debekuaren harira) "abusuzko klausula" ezartzen zutela ebatzi zuen, kontsumitzaileari "prestazio nagusia ukatzen baitzitzaion, modu bideagabean, sarrera ordaindu eta gero, aldebakarrez inposatutako baldintza batean oinarrituta, eskatu ez duen zerbitzu gehigarri batengatik, eta kontuan hartuta enpresaren jarduera nagusia ez dela janaria eta edariak saltzea".

Hala, elkartearen iritzian, "abusuzkoa da jaialdiaren instalazioetara sartzea galaraztea kanpoko elikagaiak eramanda, barrutian erositakoak baimenduta egonda". Erantsi duenez, "neurriak zentzua litzateke soilik horren moduko produktuak saltzea jarduera nagusia duten establezimenduen kasuan, esaterako, jatetxe batean".

Hori dela eta, FACUAk ekitaldi horretara eta horren moduko beste edozeinetara joatekoak diren erabiltzaileei horren moduko debekuen inguruan elkartea jakitun jartzea eskatu du.

Elkarteak, gainera, gogorarazi du bigarren aldia dela Last Tourren aurkako salaketa jartzen duela, BBK Liven abusuzko klausula ezartzeagatik. 2016an ere, Kontsumobidera jo zuen erabiltzaileei "cashless" ordaintzeko eskumuturrekoen bidez xahutu ez zuten dirua ez itzultzeagatik.

 

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

CCOO: "Estatuko Administrazio Orokorrari Euskadiko herritarrei euskaraz hitz egiteko eskatu dion lehen sindikatua gara"

Santi Martinez Euskadiko CCOOren idazkari nagusiak Radio Euskadin adierazi duenez, sindikatuak Enplegu Publikoaren Legearen eztabaidara eraman ditu euskara sustatzeko hainbat neurri, langabeen % 90ek hizkuntza hori ezagutzen ez dutela egiaztatu baita. Eskaera horien artean daude, besteak beste, Estatuko Administrazio Orokorra Euskadiko herritarrei euskaraz zuzentzea eta euskara ikasteko doakotasuna C1 mailara arte izatea.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

ETSk milaka zale kantuan eta dantzan jarri ditu Bilboko Europa parkean

Iñigo Etxezarretaren bandak milaka lagun bildu ditu Bilboko Europa parkean astearte honetan, Aste Nagusian. Bere abesti ezagunez gain, taldea Bilboko jaien kanta abestera animatu da, eta han zaleak zapiekin dantzatzen hasi dira. Hasiera batean, kontzertua asteazken honetan egin behar zen, baina taldeak kontzertua egun bat aurreratzea erabaki zuen, ikuskizunetako teknikariek asteazken honetarako deitutako grebaren ondorioz.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X