'La Manada'ko epaimahaiak gizon bat zigortu du emakume bati sexu abusuak egiteagatik
Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio gizonezko bati, mozkortuta zegoen emakumezko bati 2016ko abuztuan, Iruñean, sexu-abusuak egiteagatik. Halaber, espetxe zigorra bete ostean beste bost urte beharko ditu zaintzapeko askatasunean.
Epaimahai horrek berak 9 urteko kartzela zigorra ezarri zien 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren bost egileei, sexu abusu delituagatik. Hala ere, sexu eraso delituagatik absolbitu zituen 'La Manada'ko kideak.
Epaiak frogatutzat jo du emakumearen mozkor maila hainbestekoa zela ezin izan zuela ez onespenik eman, ezta kontra egin ere. Hori dela eta, zigortuak ez zuen ez indarkeria ez larderia baliatu beharrik izan. Gaur gaurkoz, bi baldintza horien ezinbestekoak dira sexu-eraso delitu gisa aintzat hartzeko.
Epaitutako gertaerak 2016ko abuztuaren 15eko goizaldean gertatu ziren. 03:06ak aldera gizonezkoak emakumea ikusi zuen, Iruñeko alde zaharreko taberna baten atarian eserita eta mozkortuta. Une batez, berarengana gerturatu zen, baina gero etxeranzko bidea hartu zuen. Etxera igo, arropaz aldatu eta ordu erdi ingurura, kalera jaitsi eta taberna atarian eserita jarraitzen zuen emakumearengana gerturatu zen.
Biktima mozkortuta zegoela baliatuta, lurretik altxatu, Nafarroako museoaren inguruan dauden edukiontzien ondora eraman zuen. Gero, lurrean etzan zuen eta bere onespenik gabe eta indarkeria erabili beharrik gabe, sexu-abusuak egin zizkion. Ondoren, biktimak poltsan zituen 500 euroak lapurtu zituen.
Ondoren, emakumea bertan utzi eta etxera itzuli zen. Gerora, Iruñeko udaltzainek lagundu zioten biktimari eta ospitalera eraman zuten. Medikuek ez zioten lesiorik antzeman, baina odol analisietan litroko 2,4 gramo alkohol atzeman zioten.
Espetxe zigorraz gain, epaimahaiak 8.000 euroko kalteordaina ematera zigortu du. Halaber, lapurtutako 500 euroak itzuli beharko dizkio. Aldi berean, ezingo du biktimarengana gerturatu, ezta sei urte eta erdiko epean beste bitartekoen bitartez berarekin harremanetan jarri ere.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak