Zazpi abusu-kasu izan dituen Aste Nagusian egondako parte-hartzea nabarmendu du Goiak
Eneko Goia Donostiako alkateak deitoratu egin du Aste Nagusian salatutako zazpi sexu abusuk edo erasok zikindu dutela festetako giro ona. Goiak jakinarazi du 1.278.000 lagunek parte hartu dutela Aste Nagusiko ekitaldietan, eta, halaber, "disko festa" jarduera "soseguz" berriro pentsatzeko garaia dela gaineratu du.
Goiak Aste Nagusiaren gaineko balantzea aurkeztu du astelehen honetan, Alfonso Gurpegui Festa Jardueretarako zinegotzia lagun zuela, prentsaurrekoan; bertan adierazi duenez, 2018ko Aste Nagusia "biribila" izan da "jaiaren ikuspuntutik".
Nolanahi ere, deitoratu egin du giro on hori zenbait sexu abusuk eta erasok "zikindu" dituztela; izan ere, abusu eta eraso kopuru horrek ez du aurrekaririk Donostiako jaietan, eta, gainera, horietako askotan zenbait adingabe daude nahasita.
Guztira, zazpi kasu salatu dituzte; larriena, ostiral goizaldean gertatu zen, Zurriola hondartzan: adingabe bat bortxatu zuten, Kursaal ondoan, "disko festa" egiten duten tokiaren aldamenean. Milaka nerabe joan dira festa horretara gauero.
Goiak zehaztu duenez, zazpi salaketa aurkeztu dituzte, eta horietako hiruk "disko festa" horren testuinguruan izandako gertakariak salatu dituzte; larunbatean, bertan behera utzi zuten saioa, Bozeramaileen Batzordeak erabakita.
Ez dago "disko festa"ren gaineko erabakirik
Alkateak argi utzi nahi izan du ez dela erabakirik hartu "disko festa"ren gainean; izan ere, egun bakarra igaro da Aste Nagusia amaitu denetik, eta, hortaz, urtebete falta da hurrengoa hasi arte.
Goiaren iritziz, bada garaia hausnarketa egiteko, "lasai", eta horretan nahasita dauden guztiek hartu beharko lukete parte hausnarketa-prozesuan: segurtasun-agenteek, jaietako arduradunek eta gazteek.
Goiak uste du "berriro pentsatu beharko litzatekeela" musika-festa hori, baina, dena den, esan du "jokabide horiek", hau da, sexu-abusuek eta erasoek, ez dutela loturarik "bakarrik jai-gune zehatz batekin".
Alkatearen esanetan, berak ez daki kontzientziazio-kanpainak nahikoak diren, baina, Goiaren ustez, behar-beharrezkoa da Udalak lan egitea, eta baita gizarteak berak (hau da, familiek) ere.
Horren ustez, segurtasunak ez du huts egin Kursaaleko terrazetan, eta, horren erakusgarri, kasu guztietan "atxiloketak segituan" egin zituztela nabarmendu du.
Alkatearen iritziz, beste arrazoi batengatik egin dituzte gora salaketek (ukituengatik aurkeztu dituzte gehienak); izan ere, herritarrak kontzientziatuago daude, eta, hori dela eta, orain Poliziari jakinarazten dizkiote lehen ezagutzera ematen ez zituzten sexu-abusuak.
Aurten salatu dituzten zazpi kasuen artean, emakumeek txiza egiteko erabiltzen duten toki batean kamerak jartzeagatik atxilotutako gizon batena ere badago.
Alkateak segurtasunaren gainean esan duenez, eta delituen lehen balantzearen arabera, 2017ko datuekin alderatuta, salaketa-kopuruak behera egin du, eta atxilotu-kopuruak, berriz, gora.
Halaber, Urnietako gazte batek jasandako erasoa ere nabarmendu du Goiak; izan ere, gizon batek kolpatu zuen, eta koman dago, Donostia Ospitalean.
Herritarrek babes handia eman diete ekitaldiei
Aurtengo Aste Nagusiaren alde onen artean, Goiak azpimarratu du herritarrek babes handia eman dietela jaietako ekitaldiei; izan ere, 1.278.000 lagunek hartu dute parte ekitaldi horietan, 2017an baino % 12 gehiagok.
Beste behin, su artifizialek izan dute ikusle-kopururik handiena, 650.000 lagun bildu baitituzte; Sagueseko kontzertuetan, 74.000 lagun izan dira; Kursaal Jauregiaren guneko jardueretan, 250.000 pertsonak hartu dute parte; Pasealeku Berriko eta Koldo Mitxelenako azokan, 118.000 lagun zenbatu dituzte; suzko zezenean, 34.000; eta erraldoi eta buruhandietan, 27.500.
dBuseko autobusetan ere izan dira erabiltzaile gehiago; izan ere, 756.826 bidaiarik erabili dute zerbitzu hori, 2017an baino % 1,47 gehiagok.
EH Bilduk "neurriak" eskatu ditu, indarkeria matxista nabarmen ari delako gora egiten
Indarkeria matxistako kasuen gainean, EH Bilduren udal-taldeak "neurri zorrotzak" eskatu ditu; izan ere, gero eta kasu gehiago ari dira gertatzen. Gipuzkoako hiriburuan gertatutakoa "oso larria" dela kontuan izanik, Aste Nagusiaren balantzea "ezin da positiboa izan", esan du. EH Bilduren iritziz, Udal Gobernuak "ezin du beste alde batera begiratu, eta ezin die ardura egotzi gizarteari edota Donostiako nerabeei".
Koalizioaren bozeramaileak, Amaia Almirallek, prentsaurrekoan, "elkartasuna" agertu die erasoak jasan dituzten guztiei, eta babesa eskaini die "erasoak salatzeko ausardia duten emakumeei".
Almirallek nabarmendu duenez, Aste Nagusian gertaturikoa "ez da nobedadea"; izan ere, azken urteotan ere "gero eta salaketa gehiago ari dira aurkezten Donostian eraso matxistengatik". Horren esanetan, irtenbidea ez da "disko festa" kentzea, baizik eta politika publiko egokiak abiatzea, "Donostian dugun arazo larriari behar bezala heltzea xede".
Zure interesekoa izan daiteke
Kantauri itsasoko ura 25,2 graduan dago, inoiz baino epelago
Ekainean, normalean, itsasoko ura 18 graduren bueltan egoten bada ere, gaur, ekainaren 24an, Donostiako Aquariumean egindako neurketak Kantauri itsasoko ura 25,2 gradutan dagoela erakutsi du, inoiz baino beroago.
Anne Baskaran Egido gasteiztarraren "Zuriaren, zure, gure... jaiak" izango da aurtengo Gasteizko jaietako kartela
Egileak azaldu du kartelak "Gasteizko jaiak bizitzeko dauden modu anitzak" islatu nahi dituela.
Ertzaintzak Euskadin erregistratutako gorroto delituak % 18 jaitsi dira 2025ean
Kasu horiei buruzko txostenaren egileek jaitsiera hori tentuz interpretatzeko eskatu dute, delitu asko ez baitira salatzen.
Sanferminek 516 ekitaldi izango dituzte, eta protagonismo handiagoa hartuko dute aurten haurrek eta auzoek
Asteazken honetan aurkeztu dute egitarau ofiziala, askotarikoentzako musika, jolasak, erakusketak, su artifizialak, kirol jarduerak, antzerkia, kalejira, ganadu-feria eta prozesioa biltzen dituena. Txupina uztailaren 6an jaurtiko dute, eta festak eztanda egingo du hilaren 14ra arte.
Bilbok badu kartela Aste Nagusirako: "Besarkada urdin bat Bilborentzat"
Juan Manuel Martinez Rodriguezen obra abuztuaren 22tik 30era ospatuko den Bilboko Aste Nagusiaren irudi ofiziala izango da.
"Naruto" anime japoniar arrakastatsua, estreinakoz euskaraz, EITBren PRIMERAN plataforman
Ostegun honetan, ekainak 25, estreinatuko ditu PRIMERANek lehen bost atalak. Guztira 52 kapitulu eskainiko ditu, ostiralero bost berri, lehen aldiz euskaraz bikoiztuta. Estreinaldiaren bezperan, EITBk aurrestreinaldi esklusiboa antolatu du Bilboko egoitzan. Gaur izango da, 18:00etan, Multibox aretoan, eta lehen lau atalak izango dira ikusgai.
"Ihesi, norbera izateko": Trumpen Amerikatik ihes egin eta Euskal Herrian bizi diren transen familien testigantzak jaso ditu EITBk
Seme-alaba transak dituzten zenbait familiak Estatu Batuak utzi eta Euskal Herrira etorri dira. EITBk haien lekukotasunak bildu ditu Ihesi, norbera izateko dokumentalean. Lehenengo erreportajeak asteazken honetako albistegietan ikusi ahal izango dira.
Osakidetzak eTXERTOA ezarri du txertoen kontrola eta segurtasuna hobetzeko
Sistema Bilbo-Basurtu ESIko zenbait zentrotan probatzen ari dira, eta txerto bakoitzaren funtsezko datuak automatikoki erregistratu ahal izango dira eman aurretik.
Bi pertsona zauritu dira Leioako ostalaritzako lokal batean izandako gas-leherketa baten ondorioz
Gertakariaren ondorioz, kaltetutako eraikineko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte, eta udal-teknikariak kalteak ebaluatzen ari dira, Iparragirre kalean.
Zalduondoko (Araba) baso-sutea kontrolatzen saiatzeko lanean jarraitzen dute
Gaur goizaldean Galarreta mendiaren goialdean, Zalduondon (Araba), piztutako baso-suteak aktibo jarraitzen zuen 21:00etan, eta suhiltzaileek sua itzaltzeko lanean jarraitzen dute, Foru Aldundiko iturriek jakitera eman dutenez.