Etxebizitza eraikin bat jendez hustu dute Arrigorriagan, sute baten ondorioz
Arrigorriagako etxebizitza eraikin bat jendez hustu dute goizaldean, pisu batean piztutako sute baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Zehazki, lau familia atera behar izan dituzte beren etxeetatik, zortzi pertsona guztira: sei heldu eta bi adin txikiko.
Gainera, gutxienez bi pertsona artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik. Dena den, ez dute inor ospitaleratu.
Sua goizaldeko bostak aldera piztu da Lanbarketa kaleko 17. zenbakiko hirugarren solairuan. Antza denez, berogailu batek eragin du sua.
Garrek kalte nabarmenak eragin dituzte azken solairuan, teilatuan eta eraikinaren egituran. Hori dela eta, eraikina husteko agindua eman dute.
Suhiltzaileek sua itzali dute, baina bizilagunak ezingo dira oraingoz beren etxeetara itzuli. Senideen edota lagunen etxean igaro dute gaua.
Zure interesekoa izan daiteke
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean