Urtero 3.400 minbizi kasu berri Nafarroan, horietako % 59 gizonezkoetan
Urtero 3.400 minbizi kasu berri inguru diagnostikatzen dituzte Nafarroan, horietako % 59 gizonezkoetan eta 68 urteko batezbestekoarekin, eta % 41 emakumezkoetan, 66 urteko batezbestekoarekin.
Fernando Dominguez Osasun kontseilariak prentsaurrekoa eman du ostegun honetan. Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren (otsailak 4) bezperan, datuen berri eman du kontseilariak.
Foru Erkidegoan biriketako minbizia heriotza goiztiarren (75 urte baino lehen) arrazoi nagusia da gizonezko zein emakumezkoetan, zehaztu duenez. 2017an 1.586 pertsona hil ziren Nafarroan minbiziaren ondorioz, % 61 gizonezkoak.
100.000 biztanleko 341 minbizi kasu gizonezkoetan eta 208 emakumezkoetan; hori da minbiziaren eragina Nafarroan. Kopurua, Espainiako Estatuan ematen denaren antzekoa da.
Azken hamarkadetan diagnostikatu dituzten minbizi kasuen kopuruak “gora egin du etengabe”, Dominguezek jakitera eman duenez.
“1988-2002 epearekin alderatuta, 2008tik 2013ra bitartean kasuek batezbeste % 29 egin dute gora urtero”, azaldu du kontseilariak. Emakumezkoetan igoera handiagoa izan dela erantsi du, % 31koa.
Gorakada horren atzean, besteak beste, biztanleriaren zaharkitzearekin lotutako aldaketa demografikoak eta arrisku faktoreak daude: substantzia kantzerigeno anitzen eragina, alkohol eta tabako kontsumoa, ariketa fisiko falta eta obesitatea.
Gizonezkoetan eragin handiena prostata minbiziak (% 20) dauka, eta ondoren kolon eta ondesteko minbiziak (% 18). Emakumezkoetan, bularreko minbizia da diagnostikatuena (% 28), kolon eta ondestekoaren (% 13) aurretik.
Hala ere, bularreko minbiziak eragindako heriotza-tasak erdira egin du behera 90eko hamarkadatik, % 54.
Bestalde, Nieves Ascunce Nafarroako Epidemiologia Zerbitzu eta Osasun Publikoko Institutuaren Prebentzio buruzagiak azpimarratu duenez, minbizi mota batzuk kontrolatzeko orduan detekzio goiztiarrak “tresna erabilgarria” dela demostratu du.
2018 eta 2019 artean 116.000 emakume eta arrisku aurrekariak dituzten 439 gazte gehiago deituko dituzte bularreko minbizia atzemateko programetara, eta 188.429 pertsona gehiago kolon eta ondestekoa atzematekoetara.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak