Hildako bat eta kalte material handiak utzi dituzte Nafarroan izandako uholdeek
Euriteek eta uholdeek kalte larriak eragin dituzte Nafarroa erdialdean, eta pertsona bat hil da. Hildakoa gizon gazte bat da.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Moriones inguruan, Ezporogin, topatu dute auto gidariaren gorpua suhiltzaileek. Antza denez, auto barruan harrapatuta gelditu da eta urak aurretik eraman du.
Hilotza Zangozatik 14 kilometrora eta Iruñetik 50 kilometrora aurkitu dute. Foruzaingoak azaldu duenez, gorpua autoa agertu den lekutik ehunka metrora topatu dute. Antza, gidariak berak deitu zuen abisua Nafarroako Larrialdietara, asteleheneko 20:25 aldera. Foruzainak eta suhiltzaileak Ezporogira heldu zirenean autoa hutsik topatu zuten. Gidariak bertatik irtetea lortu zuen, baina zoritxarrez, urak eraman zuen.
Goizaldean aurkitu dute hilotza, autoa zegoen lekutik ehunka metrora. Urak indar handia zuela eta, ezin izan zuten erreskatatu, eta aire bidezko erreskatea geroago egiteko neurriak hartu zituzten. Gaur goizean, 08:00ak aldera, helikopteroz atera dute, kostata bada ere. Hilotza Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egiteko.
Foruzaingoak ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko.
Kalte material handiak Tafallan, Erriberri eta Puiun
Euriteek eta uholdeek kalte larriak eragin dituzte Nafarroa erdialdean. Denbora gutxian euri asko egin du eta Zidakos eta Sansoain ibaiek gainezka egin dute. Ondorioz, kalte materialak handiak dira Tafallan, Erriberrin eta Puiun.
Alerta laranjaren iragarpenak (40 litro) txiki gelditu dira eta 100dik gora litro pilatu dira zenbait tokitan. Guetadarreko estazioan 160 litro pilatu dira metro koadroko eta 100 litro, ostera, Tafallakoan. Ordu gutxian asko egin du gora Zidakos ibaiak: 17:40ean 0,11 metroko altuera zuen, gaueko azken orduan, ostera, 4 metrotik gorakoa. Ibaiaren emariak hainbat auto aurretik eraman ditu.


Urak autoak aurretik eraman ditu Tafallan. Argazkiak: Euskadi Irratia
Etxabe, garaje eta soto ugari urak hartu ditu, baita enpresak ere, Luzuriaga esaterako. Tafallako kiroldegian ere ura sartu da.
Bizilagun batzuek gaua etxetik kanpo igaro dute, euren etxebizitzetara heltzea ezinezkoa zitzaielako.

Uholdeak Tafallan. Argazkia: Euskadi Irratia
Trafikoari dagokionez, N-121 errepidea itxi behar izan dute 30. kilometroan eta bien bitartean AP-15 autobidetik ari dira bideratzen autoak. Halaber, goizaldean zirkulazioa berrezarri dute AP-15 autobidearen eta Tafalla artean. Foruzaingoak berri eman duenez, itxita daude NA-1240, NA-5330, NA-5331 eta NA-5381 errepideak Santakaran, Pitillasen eta Murillo el Cuenden, eta NA-5300 eta NA-5301 errepideak Erriberrin eta Beiren. Aitzitik, AP-15 autobidetik Puiurako sarbidea ere itxita dago.
Adifek, bere aldetik, tren zerbitzua eten behar izan du, ur pilaketagatik. Erriberri eta Caparroso artean hainbat zuhaitz bidera erori dira eta Tafalla eta Erriberri artean ere arazoak daude. Bien bitartean, bidaiariek autobusez egingo dute zati bat eta trenak Logroño-Miranda de Ebrotik desbideratuko dituzte.
Uxue Barkos Nafarroako jarduneko lehendakaria eta Maria Jose Beaumont Nafarroako Presidentetza, Justizia, Barne eta Funtzio Publikoko kontseilaria 112 larrialdi zerbitzuen koordinazio zentrora joan dira bart. Suhiltzaileak, foruzainak, babes zibileko kideak, guardia zibilak eta Tafallako udaltzainak parte hartzen ari dira dispositiboan.
Gaur goizean, 10:30ean, Uxue Barkos eta Foru Gobernuko beste hainbat kide uholdeek kaltetutako herrietako alkateekin batzartu dira Tafallako udaletxean, informazioa bertatik bertara jasotzeko. Euriak kalte handiak eragin ditu Nafarroa erdialdean, bereziki, Tafallan, Erriberrin, Puiun, Pitillasen eta Beiren.
Bestalde, Tafallako Udalak koordinazio bilera egin du 07:30ean, Babes Zibileko ordezkariekin. Batzarra amaitutakoan, 09:00etan, osoko bilkura berezia hasi dute Tafallako udaletxean eta ingurua hondamendi eremu izendatzea eskatzea erabaki dute. Halaber, laguntzak eskatuko dizkio Udalak Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari, kalteei aurre egiteko. Geroago, 09:30ean, alkatetzak prentsaurrekoa eskaini du, Udaletik hartuko dituzten neurrien berri herritarrei emateko.
Orotara, hiru mahai osatuko dituzte Udalean: lehenengoa, suhiltzaileen buruak zuzenduko du, jasotako laguntza guztiak koordinatze aldera; bigarrena, herriko arkitektoak kudeatuko duena, uholdeek eragindako kalte materialak zenbatzeko izango da; hirugarrena,, garbiketa lanetan laguntzeko asmoz agertu diren boluntarioek osatuko dute.
Tafallako Udalak jakinarazi duenez, uholdeengatik kaltetutako herritarrei arreta eskaintzeko udaletxeko bulego nagusia ireki dute. Gaineratu duenez, momentuz, haur eskola itxita egongo da.
Landaketetan, kalte handiak
Nafarroa erdialdeko laborantza eremu asko kaltetu dituzte uholdeek, eta, oraindik datu zehatzik ez badago ere, kalte ekonomikoak handiak izan direla esan du Felix Bariain UAGN sindikatuko presidenteak.
Besteak beste, Izarbeibar inguruko lurretan txingorrak eragindako "txikizioak" nabarmendu ditu Bariainek.
Tuteran, San Adrianen edota Andosillan ere, lursailak hondatuta geratu dira.
Euria eta ekaitza, Nafarroan

Bi gizon aterkiaren babesean Iruñeko kaleetan. Argazkia: EFE
Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren eguraldi iragarpenaren arabera, euria eta ekaitza espero dira eguneko lehen zatian Nafarroan, hegoaldean salbu. Euria gogotik egingo du eta litekeena txingorra egitea ere. Arratsaldean atertzera egingo du.
Zerua hodeitsu egongo da goizean, baina egunak aurrera egin ahala ostarteak zabalduz joango dira.
Zure interesekoa izan daiteke
722 larrialdi eragin ditu larunbatean Marta ekaitzak Andaluzian, eta 11.089 lagunek etxetik kanpo jarraitzen dute
Juanma Moreno Andaluziako presidenteak ohartarazi du Ubriqueko (Cadiz) beste ehun bat bizilagun ere etxetik atera ditzaketela ondorengo orduetan lur mugimenduengatik.
Guggenheim Urdaibai proiektua "herri mugimenduak geldiarazi" duela ospatu dute Gernikan
Gernikan gaur ospatu dute Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko abenduan hartu zen erabakia. "Herri mugimenduaren garaipena" izan dela proiektu hori geldiaraztea, eta "herritarren borrokari esker gelditu" dela ospatu dute mosaiko erraldoi bat osatuz. Argi eta ozen aldarrikatu dute "gizarte antolatua gai dela erakunde eta agintarien burugabekeriei aurre egiteko".
Milaka lagunek Rodaliesen zerbitzu duin bat eskatu dute Bartzelonan egin dituzten bi manifestazioetan
Junts, ERC eta CUP alderdiek Paneque kontseilariaren eta Puente ministroaren dimisioa eskatu dute eguerdian. 8.000 manifestari bildu ditu protesta horrek, Udalaren arabera, eta 30.000 antolatzaileen esanetan. Arratsaldeko manifestazioan, berriz, Rodalies zerbitzuaren gainbehera salatu dute.
Muskilen festa egin dute lehen aldiz Iruñean inauteriak iragartzeko, Kaldereroen ordez
Duela sei urte hasi zuten Iruña Taldeko kideek festa aldatzearen beharraren inguruko hausnarketa, ijito komunitatearen ezerosotasunetik abiatuta. Muskilak sortu dute, izena eta janzkera aldatuz, baina festaren egitarauari eutsiz.
Prostituitzera behartuta zeuden hiru emakume askatu dituzte Getxon
Bestalde, 36 eta 27 urteko bi emakume atxilotu dituzte, askatutako hiru lagunak prostituitzera behartzeagatik. Beste bi delitu ere egotzi dizkiete atxilotuei: droga trafikoa eta baimenik gabe botikak saltzea. Ikertzaileek egiaztatu dutenez, biktimek beren diru-sarreren % 50 ematen zieten arduradunei.
Andaluziako Juntak laguntza eskatuko dio Espainiako Gobernuari eta EBri denboraleek utzitako "milioiko euroko galerei" aurre egiteko
Marta ekaitzak zaparradak eta haize bolada gogorrak utziko ditu erkidegoan. Kezkagarria da, halaber, Guadalquivir ibaiaren maila, uste baita arratsaldean bere gorena harrapatuko duela. Denboralea tarteko, Sevilla-Girona eta Cadiz-Almeria futbol partidak bertan behera utzi dituzte.
Urtegiak eta errepideak gertutik zaintzen ari dira Caceresen, Malagan, Cadizen eta beste hamaika tokitan, Marta ekaitza dela eta
Andaluziako Juntak 350 gorabehera larri baino gehiago erregistratu ditu azken egunotan autonomia erkidegoko errepide sarean, eta, ondorioz, errepide asko eta asko itxi behar izan dituzte, Leonardo depresioak eraginda. Marta ekaitzak are gehiago okertu dezake egoera.
Pertsona baten gorpua berreskuratu dute Bilboko itsasadarrean, udaletxearen aurrean
Gorpua 10:30ak aldera aurkitu dute, eta berehala berreskuratu dute. Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko.
Denboraleak atsedena eman du Andaluzian, hildako bat eta etxetik kanpo 8.000 pertsona utzita, baina okerrena iristear dago
Leonardoren ostean, Marta depresioa iritsiko da asteburuan, emariaren atalase gorrian 15 ibai baino gehiago dituen eremu batera.
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen etxeko indarkeriagatik eta arma zuriz mehatxu egiteagatik
Gizona etxean gotortu da senide batzuekin eztabaidan izan ondoren. Emakume bat arin zaurituta eraman dute ospitalera.