Bilboko Udalak bertan behera utzi du C. Tanganaren Aste Nagusiko kontzertua
Bilboko Udalak bertan behera utzi du C. Tangana rap-abeslariak Aste Nagusian eman behar zuen kontzertua, haren abestien letra matxistek polemika eragin eta gero. Udalak ohar labur batean iragarri duenez, Pedro Capo Puerto Ricoko musikaria arituko da haren ordez.
Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak atzo aitortu zuenez, gaia aztertzen ari ziren. Biharamunean etorri da erabakia.
C. Tanganak Bilboko jaietan jo behar zuela eta, Udalari kontzertua bertan behera uzteko eskatuz sinadura bilketa abiatu zuten change.org plataforman. 24 orduko epean, 10.000 sinadura bildu zituen eskaerak. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere emanaldia ez egiten alde egin zuten.
Dena dela, adierazpen askatasuna argudiatuta, betorik ez ezartzeko deia egin dute azken orduetan euskal kulturaren hainbat ahotsek, besteak beste, Fermin Muguruza musikariak edota Igor Elortza bertsolariak.
Pedro Capok ordezkatuko du
C. Tanganaren kontzertua abuztuaren 24rako zegoen aurreikusia, Europa Parkeko agertokian. Azkenean, baina, Pedro Capo igoko da oholtza gainera.
Pedro Capo Puerto Ricoko musikari, abeslari eta konpositorea Bobby Capo ezagunaren, "Piel Canela" abesti ospetsuaren sortzailearen, iloba da.
Capok Marka Registrada taldean abiatu zuen bere ibilbide artistikoa. Ordutik hainbat pelikula eta musikaletan hartu du parte. 2018an bakarkako ibilbideari ekin zion, eta "Calma" abestia kaleratu zuen. Kanta ezaguna egin da aurten Alicia Keysekin eta Farrukorekin batera egindako moldaketa bati esker.
Zure interesekoa izan daiteke
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak