Berriro deklaratu duten Skolaeko hezitzaileei babesa adierazi diete sindikatuek
UGT, CCOO, ELA, LAB, STEILAS, CGT eta ESK sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean, Skolae programan parte hartu duten hezitzaileei babesa adierazteko. Izan ere, hezkuntzako bi teknikarik epailearen aurrean deklaratu behar izan dute goizean.
Hezkuntzako Mahai Sektorialaren % 62 eta itunpeko sarearen % 60 ordezkatzen duen gehiengo sindikalak salatu duenez, Skolae programaren sortzaileak "jazarpen eta eraispen kanpaina baten xede" izaten ari dira, "berdintasuna, emakumeenganako indarkeria desagerraraztea, aniztasuna eta askatasuna defendatzeagatik".
09:00etan egin dute Skolae programaren aldeko elkarretaratzea, "Berdintasuna ez da hautazkoa" lelopean. Bertaratutakoen artean Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguko ordezkariak izan dira, tartean, Maria Solana Hezkuntza sailburu ohia.
Testuinguru horretan, Eloy Tato LABeko kideak eta Uxue Lasa STEILAS sindikatuko ordezkariak "Berdintasunaren aldeko manifestua" irakurri dute, eta, horren bitartez, "konpromiso osoa" agertu diote “Skolae programari, eta baita hori gauzatu duten profesionalei ere". Ildo horretatik, gehiengo sindikalaren ordezkariak “kezkatuta” agertu dira, “epaitegietatik jasotzen ari den jazarpenaz gain, azkenaldian hartu diren zenbait erabaki politikok zeharo baldintza dezaketelako Skolae ikasgeletara egoki iristea”.
Arrazoi horregatik, Skolae programa "bere osotasunean bermatzeko" eskatu diote Hezkuntza Sailari, "edukian eta ezarpen-prozesuan inolako mugarik ezarri gabe". Halaber, “Skolae proiektua garatu duten eta beren lana zorroztasunez eta profesionaltasunez egiten duten lankideak jasaten duten jazarpen eta eraispen kanpaina berehala geldiaraztea” exijitu dute.
Haien esanetan, “harrigarria eta sumingarria da hezkuntzako profesional horiek bigarren aldiz deklaratu behar izatea, berdintasuna, emakumeenganako indarkeria desagerraraztea, aniztasuna eta askatasuna defendatzeagatik”. Gauzak horrela, ikastetxe publiko eta itunpeko eskola guztietan Skolae programarekin jarraitzeko exijitu diote sindikatu horiek egungo Foru Gobernuari.
Hala, "gure gizarteko sektore atzerakoienen intolerantziaren aurrean, modu bateratuan erantzungo dugu, ez dugu erasorik onartuko ez hezkuntzari, ez berdintasunari, ezta justizia sozialari ere", ohartarazi dute.
Elkarretaratzean parte hartu duten sindikatuek "konpromiso osoa" agertu dute Skolaerekin eta programa hori idatzi zuten profesionalekin. "Norbanakoaren askatasunaren errespetuan oinarritutako hezkuntza-programa bat da; sentitzeko, bizitzeko eta adierazteko modua ahalduntzen duena", esan dute. "Gizaki ororen eskubideen berdintasuna errealitate izan dadin lan egiten duen programa bat da”, gaineratu dute.
Gauzak horrela, egungo araudiari erreparatuta, “ikastetxeetan berdintasunaren aldeko hezkuntza” landu behar dela “argi eta garbi” ikusten dute, “desberdintasunaren, genero-rolen eta genero-adierazpen sexistaren aurka borrokatuz eta indarkeriak, diskriminazioak eta bazterkeria desagerraraziz, horren jatorria edozein izanda ere".
Skolae, indarrean dagoen legeak ezartzen duenari “egoki doituta” dagoen programa dela ziurtatu dute sindikatuek, eta “bizitzako lehen etapetatik ezagutzaren, askatasunaren eta etorkizuna generoa kontuan hartu gabe eraikitzeko gaitasunaren oinarriak ezartzen ditu”. “Hala, desberdintasunak ezagutzen ikasten da, horiei kontra egiten, eta baita berdintasunerako eskubidea erabiltzen ere bizitzaren eremu guztietan: kulturalean, erlijioan, klase sozialetan, aniztasun funtzionaletan, orientazioan, identitatean eta genero adierazpenetan”.
Sindikatuek arabera, Skolaek ondorengoa proposatzen du: “neska-mutikoek jasotzen dituzten eredu eta mezuak heziketatik abiatuta berdintzea, modu horretan, berdintasunean hasi eta harremanak izaten ikas dezaten, biolentziarik gabe eta aukera guztiak haintzat hartuta".
Horrenbestez, jarduera-protokoloak “berehala” abian jartzeko eskatu diete administrazioei , "eskoletan aniztasunen alde, sexismoa desagerrarazteko onartutako legeak ezartzearen alde, hezkuntza-testuinguruetan errealitate guztien ikusgarritasuna bermatzearen alde eta aniztasunen aldeko berdintasunean oinarritutako hezkuntza bultzatzearen alde".
Skolae programa, Unescoren Hezkuntza Saria
Aurreko legegintzaldian Nafarroako Gobernuak martxan jarritako Skolae programak haurrentzako hezkuntza aitortzen duen Neska eta Emakumeen Hezkuntzarako UNESCO Saria jasoko du ostiral honetan.
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez, programa hau gobernu-akordioan jasota dago, eta ikastetxe guztietan, publiko zein itunpekoetan, martxan jartzeko asmoa dute.
Dena dela, "hezkuntza partekatu" bat nahi duela erantsi du, "sektore guztiekin hitz egin nahi dugu, eta, jakina, hezkuntza sistemara egokitzeko moldatu behar diren gai batzuk daude".
Ildo horretatik, "Skolaek trebakuntza baldintza batzuk behar ditu, eta zentro pribatuentzat eta patronalentzat onartezinak izan daitezke agian; hitz egin beharko da, elkarrizketa beharrezkoa izango da", esan du Gimenok.
Skolae programak material didaktikoak eta tresnak ematen dizkie irakasleei, haurrak berdintasunean hezteko helburuarekin, zeharkako proiektu integral batean. Horrenbestez, ez da ikasgai bakar batera mugatzen den egitasmo bat, baizik eta hezkidetza ikastetxeetako irakasgai, jarduera eta espazio guztietan modu errealean ezartzeko sistema bat.
Hasiera batean, hiru hilabeteko prestakuntza ematen zaie irakasleei, eta interesa duten gurasoei berdintasunean hezteko ikastaroak ere eskaintzen zaizkie. Ondoren, ikastetxe bakoitzak bere eskolarako plan bat prestatzen du, eta ikasgeletan Skolaek proposatzen dituen hainbat jarduera, fitxa eta ekimen lantzen dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Honela geratu da La Guaira, 7,2 eta 7,5 graduko lurrikaren ostean
Tragediaren isla dira eroritako eraikinak, kalteak jasan dituzten azpiegiturak eta milaka biktima. Larrialdi-taldeek eremu kaltetuenetan lanean jarraitzen dute, kalteak neurtzen eta biktimak erreskatatzen.
Euskal Udalekuak elkarteak bere proiektua mehatxatzen duten erabaki politikoak salatu ditu, eta ekitaldi handi bat deitu du abuztuaren 29rako, Bernedon
Proiektuaren jarraipena arriskuan jartzen duten erabaki politikoak salatu dituzte. Egoera horren aurrean, euren ekimena defendatzeko eskura dituzten "baliabide guztiak" erabiliko dituztela adierazi dute, eta ekitaldi handi bat deitu dute abuztuaren 29rako Arabako udalerrian. Aldi berean, haur eta gazteei zuzendutako udako kanpaina berri bat prestatzen jarraitzen dute.
Navatz, Usi eta Anotz hustu dituzte, Ezkabarten piztu den suteren ondorioz
SOS Nafarroak jakinarazi duenez, 22:00ak aldera sutea egonkortzea lortu dute. 17:40 inguruan piztu da, eta haizearen ondorioz, berehala zabaldu da.
Mattin Aiestaran:"Baskoiek, iberiarrek eta Erdi Aroko euskaldunek abar hitza konpartitzen zuten"
Javier Velaza katedradunak eta Mattin Aiestaran adituak Irulegiko indusketetan "abar" hitzaren aurkikuntzaren garrantzia azaldu dute. Hizkuntza iberikoak, baskoiak eta euskaraz zaharrak (Erdi Arokoak) hiztegia konpartitzen zutela ondorioztatu dute.
28 urteko gazte bat itota hil da Arga ibaian, Uharten
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, istripuz uretara erori eta Dorraburuko presaren inguruan desagertu da.
Uda honetan Euskadiko errepideetan saihestu beharreko puntu kritikoak
Irteera Operaziorako dispositibo berezia bihar, ostirala, jarriko da martxan 15:00etan, orduantxe espero baitira uda honetako lehen auto-ilarak errepideetan. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, nazioarteko 2,27 milioi ibilgailuk zeharkatuko dute erkidegoa uda honetan, hau da, iaz baino % 6 gehiagok.
Nola baloratuko da euskararen ezagutza enplegu publikoan lege berriarekin?
Eusko Legebiltzarrak onartutako lege-aldaketak aukera emango du euskararen ezagutza lanpostua eskuratu ondoren egiaztatzeko, eta sistema berri bat ezarriko du hizkuntzaren ezagutza eskatuko duten lanpostuen kopurua kalkulatzeko.
Lehen zenbaki baskonikoa aurkitu dute Irulegin, "abar", eta gaur egungo "hamar" zenbakiaren aurrekaria izan daiteke
Aranzadi Zientzia Elkarteak egin du aurkikuntza, Irulegiko baskoien kanpamenduan (Arangurengo ibarra, Nafarroa). "Abar" inskripzioa, Irulegiko eskua agertu zen etxebizitza bereko biltegi-ontzi batean aurkitu dute, eta hamar zenbakiari erreferentzia egiten diola uste dute.
Hamabost lagun atxilotu eta hamar emakume askatu dituzte Gipuzkoan, gizakien trafikoaren aurkako operazio batean
Atxilotuak 10 emakume eta bost gizon dira. "XXI. mendeko esklabotza da; emakumeen eta nesken trafikoak gizakion duintasunaren eta gizateriaren beraren aurka egiten baitu", azpimarratu du Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.
Bihartik aurrera, isunak jarriko dituzte Donostiako hondartzetan erretzeagatik
Donostian, ordenantzak debekatu egiten du tabakoa erretzea eta bozgorailuak entzungailurik gabe erabiltzea hiru hondartzetan, hau da, Kontxan, Ondarretan eta Zurriolan. Isunak mailakatuak dira: 100 eta 200 euro artekoak oharra jaso ondoren jokabidea zuzentzen bada, eta 500 eta 750 euro artekoak kasurik egiten ez den zein araua behin baino gehiagotan urratzen den kasuetan.