Datorren ostegunean hasiko dira zaborra erretzen Zubietako erraustegian, proba fasean
Datorren ostegunean, azaroak 28, hainbat tona zabor erretzen hasiko dira Zubietako erraustegian, proba fasean, eta behin entsegu eta doitze prozesua amaituta, 2020ko martxoan martxan egongo da planta. Hala jakinarazi du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuarekin batera, Zubietara egin duen bisitan.
Asensiok jakitera eman duenez, gaur bertan bi labe piztu dituzte, datorren asteko probetarako prest egon daitezen, eta erraustegiaren kontrolerako sistemen programazioa ere amaitzear da. "Lanak nola dauden ikusita, hemendik gutxira hasiko gara zaborra tratatzen balorazio energetikoko plantan, proba fasean. Gure ustez, martxorako amaituta egongo dira entseguak eta gure zabor guztia Gipuzkoan tratatzeko ahalmena izango dugu", esan du foru diputatuak.
"Hornidura energetikoarekin izandako arazo teknikoak tarteko", aurreikusitakoa baino beranduago jarriko dutela martxan erraustegia onartu du Asensiok, baina halere, gustura agertu da, "lanak ondo" doazelako eta Gipuzkoarentzat "aro berri bat zabaltzear" delako. "Gipuzkoako zabortegi guztiak itxiko ditugu, ez ditugu beharko, eta ez dugu zaborrik kanpora bidaliko. Albiste ona da hori", gehitu du.
Kutsadura "nabarmen murriztuko" dela berretsi du foru diputatuak. Horren hitzetan, behin erraustegia martxan jartzen denean, "isurketak nabarmen jaitsiko dira, energia berriztagarria sortuko da eta dena birbalorizatuko da".
Ildo beretik mintzatu da Arriola sailburua ere, eta Gipuzkoaren "arazo historikoetako" bati amaiera emango zaiola ziurtatu du.
Gaur zortzi, EAEko hiru aldundietako eta Jaurlaritzako ingurumen arduradunak Donostian bilduko direla jakinarazi du sailburuak, 2020rako Hondakinak Prebenitzeko Plana aztertzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi gizon atxilotu dituzte Iruñean emakume bati sexu erasoa egitea egotzita
Manifestazio jendetsua egin dute Santurtzin Anderrentzat justizia eta erreparazioa eskatzeko
Ehunka lagun kalera atera dira Euskadin eta Nafarroan, etxebizitzaren negozioaren aurka
Etxebizitzaren aldeko protesta dozenaka hiritara zabaldu da, greba orokorrari begira
Igandera arte luzatu dituzte euriteengatik EAEn gaurko ezarrita zeuden abisu horiak
12 lagun zauritu dira Errioxako taberna baten zati bat erorita, eta zortzi osasun zentroetara eraman dituzte
102 urteko emakume bat hil da eta 90 pertsona erreskatatu dituzte Albaceten, Madrigueras herrian izandako uholdeetan
Milaka pertsona kalera atera dira Madrilen, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko