Gorlizek ez du jaietan bigantxa-ekitaldirik nahi
Gorlizko jaietan bigantxa-ekitaldirik nahi duten galdetu diete udalerri horretako herritarrei igande honetan egindako herri-galdeketan. EiTBk jakin ahal izan duenez, 689 lagunek ezetz bozkatu dute, eta 211k, berriz, baietz. Hortaz, jaietan bigantxa-ekitaldirik izatea errefusatu du Gorlizek.
"Bigantxa-ekitaldirik nahi al duzu Gorlizko jaietan?" galderari bai edo ez erantzun ahal izan diote botoa ematera joan direnek. Udalak ohar bidez zehaztu duenez, 16 urtetik gorako herritar guztiak zeuden galdeketan parte hartzera deituta. Goizeko 09:00etatik 20:00etara egon da zabalik boto kutxa, Udaleko areto nagusian.
Iazko abenduaren 20ko osoko bilkuran adostu zuten bigantxen inguruko galdeketa deitzea, baina Udalaren arabera, "ez da loteslea" izango. Dena dela, "herritarren iritzia kontuan" hartuko dela gaineratu dute: "kontsulta, legearen indarrez, ez da loteslea. Hala ere, Udalak bidezkotzat jotzen duen erabakia hartuko du, arrazoiak emanez eta dagokion jai-egitaraua prestatuko du".