Hamaika hildako EAEn eta bost Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz
Azken egunean, Euskadik 43 koronabirus kasu berri detektatu ditu PCR proben bidez eta, pandemia hasi zenetik, 16.679 positibo baieztatu dituzte; horietatik % 76,4 sendatuta edo alta emanda daude. Gainera, 11 pertsona hil dira, eta guztira 1.364 lagun hil dira, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera.
Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman ditu joan den astearteko 20:00ak arteko Euskadiko COVID-19aren bilakaerari buruz bildutako azken datuak; guztira 115.593 PCR eta 61.416 test azkar edo serologiko egin dituzte. Azken jardunaldian 8.618 proba egin ziren guztira.
PCR bidez baieztatutako positibo berriak 43 dira; aldiz, test azkarraren bidez detektatutako kasu berriak 317 dira.
584 pertsona ospitalean daude, horietatik 504 ospitaleko gela arruntetan eta 80 zainketa intentsiboetako unitateetan. Guztira, 12.749 pertsona sendatu edo alta emanda daude.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban 144 pertsona daude ospitaleratuta, 348 heriotza baieztatu dira eta 4.397 kasu positibo. Bizkaian 327 ospitaleratu dituzte, 746 hildako eta 9.461 kutsatu. Gipuzkoari dagokionez, 113 dira ospitaleratutako pertsonak, 2.821 dira, guztira, kasu positiboak eta 270 hildakoak.
Bestalde, Osasun Sailak asteazken honetan iragarri duenez, "egoerak hobera egin duenez", martxoan eta apirilean, COVID-19aren epidemiari aurre egiteko, onartutako hainbat agindu indargabetu ditu.
Hain zuzen ere, lau arau indargabetu dituzte, guztiak Nekane Murga Osasun sailburuak sinatutakoak. Lehenik eta behin, martxoaren 24ko Agindua, koronabirusak eragindako asistentzia-jardueraren hazkundeari aurre egiteko behar ziren baliabide pribatu guztiak izatea ahalbidetu zuena, eta, horrez gain, atzeratu daitezkeen eta pandemia transmititzeko arriskua areagotu dezaketen zerbitzuak atzeratzea ahalbidetu zuena. Horri esker, besteak beste, erakunde pribatuek programatutako jarduerari ekin ahal izango diote.
Ildo beretik, desaktibatu egin da martxoaren 18ko Agindua, salbuespenezko egoera horretan Euskadin eskuragarri dauden osasun-, kudeaketa- eta boluntariotza-baliabide guztiak kudeatzeaz eta koordinatzeaz arduratuko zen Zuzendaritza Batzordea sortzen zuena.
Era berean, martxoaren 26ko Agindua baliogabetu du, arriskuak minimizatzeko helburuarekin, hileta-osasunaren arloan salbuespenezko neurriak ezartzen zituena, bai tanatopraxiako esku-hartzeei dagokienez, bai beilatokiei eta zeremonia zibil eta erlijiosoei dagokienez, hileta-elizkizunak barne.
Indarrean egoteari uzten dion laugarren agindua apirilaren 6an emandakoa da. Bertan, aldi baterako eteten ziren elikagaiak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko merkatu eta azoka tradizionalak, eta, gainera, saltoki-denden bidez egindako saltoki ibiltarien jarduera arautzen zuen.
Indargabetze horiek apurka-apurka deseskalatzen ari dira, eta "Euskadik normaltasunera jotzen du, betiere epidemiaren bilakaeraren zain"; izan ere, Osasun Sailak berretsi du garrantzitsua dela norbanakoaren eta taldearen konpromisoari eta erantzukizunari eustea.
Nafarroan 30 pertsona gehiago kutsatu dira azken orduetan, aurreko egunean baino % 0,6 gehiago, eta 5 pertsona hil dira koronabirusarekin. 10 ospitaleratze berri jaso zituzten eta 66 alta epidemiologiko zenbatu ziren.
COVID-19aren pandemia hasi zenetik, PCR proben bidez baieztatutako kasuen kopurua 4.966 da. Horiez gain, beste 1.804 (179 positibo atzo) detektatu dira antigorputzen test bidez; 6.770, guztira.
Bestalde, heriotza berrien ondorioz, 476ra igo da baieztatutako kasuen artean hildako pertsonen kopurua, hau da, guztizkoaren % 7,03. Pandemia hasi zenetik 2.628 pertsona sendatu dira (kaltetuen % 38,82).
Diagnostikatutako 6.770 pertsonetatik 3.491 etxean daude segimenduan, 120 gela arruntetan ospitaleratuta, 19 etxean ospitaleratuta eta 36 zainketa intentsiboetan. Nafarroako zainketa intentsiboetako unitateetan gaixo gutxiago ospitaleratu dituzte COVID-19aren ondorioz, eta 18 alta eman dituzte azken 24 orduetan.
Pandemia hasi zenetik 2.004 lagun ospitaleratu dituzte, eta horietatik 135 zainketa intentsiboetako unitateetaik pasatu dira.
Nafarroako Osasun Sistemako (publikoa eta pribatua) profesionalei dagokienez, atzo ez zen kasu berririk diagnostikatu. Orain arte, 818 profesional kutsatu dira.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi pertsona zauritu dira Azkoitian, etxe batean izandako sutean
Trino Uria kalean piztu da sua eraikineko azken solairuan, asteleheneko ordu bata aldera. Bi lagun artatu dituzte lekuan bertan; zaurituetako batek erredurak ditu eta ospitalera eraman behar izan dute. Eraikin osoa hustu dute, eta sua kontrolpean duten arren, Azpeitia eta Eibarko suhiltzaileak lanean ari dira kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen.
EAEko farmazialariek uda baino lehen utziko diote sendagaien kupoia ebakitzeari
Osasun Saila farmazien kudeaketa-sistemak egokitzen ari da, fakturazioa sendagaien ontzietako datamatrix kodea irakurriz "egunean eta online" egin ahal izateko.
Gizon bat hil da eta lagun bat zauritu, Irungo soto batean izandako sutean
Zauritua helikopteroz eraman dute Gurutzetako Ospitalera. 13:45ean piztu da sua, Uranzu kalean, eta garrak itzaltzea lortu badute ere, suhiltzaileek hozte-lanetan jarraitzen dute.
Milaka bizipen ahaztezin, bost eguneko ibilbidean
Martxoaren 19an abiatu zen euskararen aldeko lasterketa Atharratzetik, eta, harrezkero, urratsez urrats, lurraldez lurralde, euskarari hauspoa ematen aritu dira milaka euskaltzale. Oraindik bidearen erdia ere ez du egin, baina dagoeneko irudi eta une zirraragariak utzi ditu Korrikaren 24. edizioak.
Euskadiko Erlijioen Kontseilua sortuko du Eusko Jaurlaritzak
Udaberrian jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Erlijioen Kontseilua EAEko erlijio-aniztasuna kudeatzeko helburuz. Bizikidetza eta laikotasun kooperatiboa oinarri izango dituen ekintza plan batekin jaioko da.
Nafarroatik Gipuzkoara egingo du jauzi Korrikak bere bosgarren gauean
Araban ikusi ditu lekukoak eguneko lehen eguzki printzak, eta bertan ibiliko da Korrika eguerdia iritsi bitartean. Egino eta Ziordia arteko bidea eginda, Nafarroa iparraldean barneratuko da 13:00a aldera, Gipuzkoa helburu hartuta.
Nafarroako Gobernuak suizidioa prebenitzeko behatokia sortuko du, diziplina anitzeko profesionalen laguntzarekin
Jokabide suizidak prebenitzeko eta horiek pairatzen dituzten pertsonak artatzeko estrategia aurkeztu du Nafarroako Osasun Departamentuak. Iaz, 39 pertsona hil ziren Nafarroan beren buruaz beste eginda.
Alerta, gas-isuri handi batengatik, Barakaldon
Ezbeharra 10:00ak aldera gertatu da, Lutxana auzoko Elorriaga etorbidean dagoen obra batean, eta horrek kezka sortu du auzokoen artean.
Hamaika pertsona atxilotu dituzte Castro Urdialesen, droga-trafikotik ateratako dirua zuritzeagatik
Operazioan 3.000 gramo kokaina baino gehiago, 7 arma labur eta 4 luze, munizioa eta dirua atzeman dituzte.
2015-2025 tartea, erregistroak daudenetik izandako beroena, Munduko Meteorologia Erakundearen azken txostenaren arabera
176 urte dira Lurraren batez besteko tenperatura neurtzen denetik, eta azken 11 urteotan erdietsi dira balio altuenak. "Historia 11 aldiz errepikatzen denean, jada ez da kointzidentzia, jarduteko deia zuzena da", azpimarratu du Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak.