Gasteizko dantzaleku batek eta gimnasio batek COVID-19ko fokua izatea ezeztatu dute
Gasteizko kontzertu-areto eta dantzaleku batek eta gimnasio batek, KUBIK Aretoak eta K2 Gimnasioak hurrenez hurren, COVID-19ko kutsadura-fokua izatea ezeztatu dute. Mezu bana argitaratu dute, xehetasunak emateko, eta, horien bidez, WhatsApp bidez zabaldu den albiste faltsu bat gezurtatu dute.
#Koronabuloak ekimenaren bidez, Euskal Irrati Telebista koronabirusarekin lotutako albiste faltsuak geldiarazten laguntzen saiatzen ari da. 600 900 454 WhatsApp-eko zenbakia herritarren eskura dago, eta horren bidez jaso dugu sare sozialetan dabilen mezu hori. Hau dio, hitzez hitz:
"KUBIK Aretoa eta K2 Gimnasioa, Gasteizen, foku berria. PCR erabiltzaile guztiei ari zaie egiten; norbait joan bada, eta ez bada jabetu, etxean gera dadila, eta anbulatoriora dei dezala. Osakidetzak dio gimnasio bat eta dantzaleku bateko begirale bat daudela, baina ez du izenik ematen".
KUBIK Aretoaren eta K2 Gimnasioaren gezurtapena
Horren aurrean, KUBIK Aretoak eta K2 Gimnasioak, aurreko ostiralean (uztailaren 10ean), sare sozialetan, ohar bana argitaratu dute; mezuak dioena gezurtatu dute, eta gertatutakoaren gaineko zenbait xehetasun eman dituzte.
Hau dio KUBIK Aretoaren mezuak:
"KUBIK Gasteiztik, sareetan dabiltzan buloak ezeztatu nahi ditugu, eta erabiltzaileei lasaitasun-mezua helarazi nahi diegu. KUBIK EZ DA kutsaduraren fokua, eta erabiltzaile guztiei EZ ZAIZKIE PCR PROBAK EGITEN ARI. Anbulatoriora deitzea ere ez dizuegu eskatu.
Mesedez, datu, ohar eta adierazpen OFIZIALEI soilik egin kasu; Osakidetzak egindakoei edo guk geuk egin edo emandakoei.
Hainbat bulo eta zurrumurru dabiltza, eta, beraz, uste dugu komenigarria dela berriro ere jendaurrean hitz egitea, KUBIKen zer gertatu den zehazteko. Atzo esan genizuen moduan, oso zaila egiten zaigu gauean zehar gure aretoan gertatzen diren egoera guztiak kontrolatu edo kudeatzea, nahiz eta edukiera % 40tik behera dugun. Horregatik, aretoko langile batek COVID-19agatik positibo eman ahal zuelakoan, atzo ixtea erabaki genuen.
Gaur jakin dugu ofizialki langileak positibo eman duela. Oso ondo dago, etxean, koarentena betetzen. Lehen unetik, Osakidetzarekin harremanetan gaude, eta eskatu diguten laguntza osoa eman diegu. Zurrumurru faltsurik zabaltzen ez jarraitzeko, zehaztuko dugu langileak aretoaren kanpoaldean lan egin zuela, ezarritako osasun-neurri guztiak beteta: maskara, eskularruak…
Osasun Sailetik behin eta berriro esaten ari zaigu aretoa EZ dela kutsadura-fokurik, eta azaldu digute ez dugula zertan itxi, arazorik gabe egon gintezkeela lanean. Baina zuhurrak izan nahiago dugu; atzo bezala, gaur ere itxiko dugu, eta egun batzuetan horrela jarraituko dugu.
Amaitzeko, gogoratu nahi dizuegu sare sozialetan dabiltzan zurrumurru faltsuak gezurtatu nahi ditugula. KUBIK Aretoa ez da kutsadura-fokua, eta erabiltzaile guztiei ez zaizkie PCR probak egiten ari. Osasun-agintariek eskatutako dena ari gara egiten, eta hori baino gehiago ere bai.
Mesedez, datu, ohar eta adierazpen OFIZIALAK bakarrik izan kontuan, Osakidetzarenak edo geureak".
"K2 Gimnasiotik, lasaitasun-mezua helarazi nahi diegu gure erabiltzaile guztiei. Espekulazioak saihesteko, jakinarazi nahi dizuegu erabiltzaile batek positibo eman zuela, hilaren 8an, COVID-19agatik; ebakuntza egingo diote, derrigorrezko proba batzuk egiten ari zitzaizkion, eta positibo hori eman du.
Lehen unetik, erabiltzaile hori gurekin harremanetan jarri zen, eta gu, halaber, Osakidetzarekin, egoeraren berri eman eta jarraibide eta protokolo guztiak jarraitzeko. Osakidetzari beharrezko datu guztiak eman genizkion, erabiltzaile horrekin lotuta egon zitezkeen pertsona guztiak aurkitze aldera. Osakidetza herritar horiekin guztiekin harremanetan jarri zen, PCR probak egiteko, eta, orain arte, denek negatibo eman dute. Bikotekideak eta seme-alabek ere negatibo eman dute, eta hori da, gure iritziz, daturik onena, denok lasai egon gaitezen. Epidemiologiatik esan ziguten beti bezala ibil gintezkeela gure instalazioetan, gimnasioa berriro ireki genuenetik ezarrita ditugun segurtasun-protokoloak kontuan izanik.
Badakigu asmo txarreko mezuak zabaldu direla WhatsAp-en eta sare sozialetan, eta beharrezkoa ez den alarmismoa sortu dela gure bazkideen artean; K2 Gimnasiotik, baina, lasaitasun-mezua eman nahi dugu, eta berretsi nahi dugu gure apustua dela kirola modu ziurrean egitea".
Beraz, biek gezurtatu dute kutsadura-fokua izatea, WhatsApp-etik dabilen mezuak dioenez. KUBIK Aretoari dagokionez, baieztatu egin dute langile batek positibo eman duela, eta etxean dagoela koarentena betetzen, sintomarik gabe; K2 Gimnasioak, aldiz, zehaztu du erabiltzaile batek eman duela positibo, eta senideak ez direla kutsatu.
Halaber, KUBIK Aretoak eta K2 Gimnasioak jakinarazi dute Osakidetzarekin batera dabiltzala lanean. Are gehiago: KUBIK Aretoaren kasuan, ezarritako segurtasun-neurriek derrigorrezkoa gainditu dute.
#Koronabuloak ekimenaren WhatsApp-en jasotako mezuez gain, Maldita.es web-orriarekin ere ari gara elkarlanean, Maldito Bulo atalaren bidez, bai eta VOSTEuskadi Elkartearekin ere. Eva Caballerok Radio Euskadin zuzendu eta aurkezten duen La Mecánica del Caracol dibulgazio-saioaren komunitate zientifikoaren laguntza ere badugu.
Zure interesekoa izan daiteke
Guardia zibil batek bikotekide ohia hil du Llanesen, hura ere agentea
Hilketaren ondoren, ihes egiten saiatu da erasotzailea, eta ahalegin horretan, inguruan zeuden beste agente batzuk tiroka erantzun diote. Bertan zendu da.
Lizarran hildako gizonaren bikotekide ohiak azaldu du indarkeria fisikoa eta psikologikoko pairatu zituela hainbat urtez
Gizona balkoi batetik erorita hil zen, Poliziarengandik ihesi zihoala, azken horiek indarkeria matxistagatik abisua jaso ondoren.
Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aktibatu du: puntu morea Boulevardean egongo da
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat".
Uharteko parrokoak barkamena eskatu eta sareak utzi ditu
Ohar baten bidez argitu duenez, Iruñeko eta Tuterako elizbarrutia ez dago ados Javier Aizpunek zabaldutako mezuekin, eta aita santuaren hitzak aipatuta, "giza duintasunak pasaporterik ez" duela esan du.
Zuzenean: Abordatze Pirata
Donostiako Piraten esku izaten da hiriaren abordaia, Gipuzkoako hiriburuko kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldiaren emanaldia 16:25ean hasiko da.
Zuzenean: Artillerok hasiera emango dio 2026ko Donostiako Aste Nagusiari
Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dio. "Artillero 2026", zuzenean 18:00etatik aurrera.
Trumpek presioa egin dio Irani; Teheran eta Oman, ordea, Ormuzko itsasartea irekitzeko negoziatzen ari dira
Iranek ziurtatu duenez, Omanekin itsas pasabide estrategikoan nabigazio mekanismo berri bat ezartzeko elkarrizketak modu positiboan ari dira aurrera egiten. AEBk berriro irekitzea eskatu du, eta Donald Trumpek mehatxu egin du akordorik lortu ezean Teheranen aurka eraso egingo duela.
Bi ibilgailuren arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Galdakaon AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan
Ibilgailuetako bat errepidetik atera da, eta bestea bidean iraulita geratu da. Istripuaren ondorioz, bi errei itxita egon dira.
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, karabela portugesak agertu direlako
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, eta Getarian eta Zarautzen ere ale handiak iritsi direla ohartarazi dute. Saturraranen, Mutrikun, bainuzale bat anbulantizan eraman dute, karabela portugesek ziztatu egin dutelako.
Gasteizko jaietako egun handia, blusa eta nesken kalejira berriarekin, teknikarien grebak baldintzatuta
Goizean, blusen eta nesken kuadrillek lore eskaintza egin diote Andre Maria Zuriari eta haren aldeko aurreskua dantzatu dute, eta arratsaldean kalejira egin dute, ibilbide berria estreinatuta. Ikuskizunetako teknikarien grebak La pasión infinita lanaren funtzioa bertan behera uztera behartu du.