COVID-19aren agerraldiari aurre egiteko neurri berriak iragarriko ditu gaur Tolosak
Azken orduetan atzemandako koronabirus kasuak nabarmen ugaritu dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), batez ere Gipuzkoan, 60 positiboetatik 41 han bertan atzeman baitzituzten atzo. Hain zuzen ere, gure lurraldeko hainbat lekutan izandako agerraldiek eragin dute gorakada nabarmen hori, eta osasun arloko agintariek neurri murriztaileagoak hartu behar izan dituzte egoera horri aurre egiteko. Testuinguru horretan, maskara erabiltzea beharrezkoa da jada, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere.
Une honetan kezka handiena eragiten duen agerraldietako bat Tolosan atzemandakoa da, dagoeneko 22 kutsatu baitaude, azken orduetan zortzi kasu gehiago baieztatu ondoren. Ostegun honetan, gaitza atzemateko 800 eta 1.000 PCR proba artean egingo dituzte Beotibar pilotalekuan (atzo 300 inguru egin zituzten).
Hori dela eta, uztailaren 10a eta 14a bitartean Pintor Lekuona kaleko Elorri tabernan egon diren herritarrei osasun zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu die Osasun Sailak, PCR probak egiteko hitzordua eskatzeko (943 00 68 00). Ildo horretatik, testaren emaitzen zain dauden bitartean, pertsona horiek etxean egon behar dutela gogorarazi du Jaurlaritzak.
Tolosako agerraldia "kutsatze komunitarioa" dela baieztatu du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Dena dela, Tolosako Udaletik lasaitasun mezua zabaldu dute, eta egoera kontrolpean dagoela esan dute, baina zuhurtziaz, arduraz eta elkartasunez jokatzeko deia ere egin dute.
Egoera horren aurrean, udalean ordezkatuta dauden alderdiek bilera egingo dute gaur goizean, koronabirusak eragindako agerraldiari aurre egiteko asmoz neurri berriak adosteko. Mahai gainean dauden neurrien artean, azpiegitura publikoak ixtea edo tabernen edukiera eta ordutegia murriztea daude, Euskadi Irratian azaldu dutenez.
Bitartean, orain arte positibo eman duten pertsonen artean dagoen lotura aztertzen ari da Osasun Saila, eta gaitza atzemateko detekzio-probak areagotu dituzte herrian, birusa zabal ez dadin. Zehazki, atzo arratsaldean hasi ziren PCR probak egiten, eta egunero 800 inguru egiteko asmoa dute.
Hain zuzen ere, Ordizian atzemandako agerraldian du jatorria Tolosakoak. Dena dela, Ordiziakoa dagoeneko "kontrolpean" dagoela nabarmendu du Osasun Sailak, eta herri horretan atzematen ari diren kasuak "uneotan isolatuta dauden pertsonen gertukoak dira, koarentenan daudenak".
250 pertsona isolatuta Zarauzko kanpin batean
Bestalde, Osasun Sailak Zarauzko Talai Mendi kanpina itxi du, azken orduetan hiru kasu positibo atzeman ostean (azkena, ostegun goizean). Hala, PCR probak egiten ari zaizkie kanpineko 250 bezeroei. Kanpin hori bereziki gazteen artean da ospetsua; ez horrenbeste, aldiz, beste toki batzuetatik iritsitako bezeroengatik.
Getariako agerraldiaren egoera
Getariako fokuarekin lotuta, zortzi positibo atzeman dituzte azken orduetan, eta Politena tabernaz gain, ondoan dagoen izozki-dendako bezeroek ere PCR probak egin beharko dituzte. Agerraldi horrek Madrilen du jatorria, baina egoera kontrolatu eta herrian gaitza zabaltzea saihestu nahi dute.
Hala, Osasun Saila Dona Doni izozki-dendan (Kale Nagusian) ostegunetik astelehenera bitartean egon zirenekin kontaktuan jartzen ari da, prebentzioz. Jakinarazi duenez, azken egunetan PCR positiboa izan duten hainbat pertsona identifikatu ditu, eta haien artean egon daitekeen lotura bakarra hori izan daitekeela esan dute.
Horregatik, Urola Kosta eskualdean (Getarian, Zarautzen edo Zumaian) bizi diren herritarrei euren herriko osasun-zentroarekin kontaktuan jartzeko eskatu diete. PCR proba egin aurretik, ordea, Getariako kiroldegiaren barruan (Sahatsaga kalean) testa egiteko hitzordua emango diete. Aurrez aipatutako egunetan ostalaritzako lokal horretan egon diren turistek Osasun Kontseiluaren 900 20 30 50 telefonora deitu behar dute edo dagokion osasun-zentroarekin kontaktuan jarri.
"Egunean 600 lagin hartzeko aukera" du Osakidetzak, eta datozen hiru egunetan detekzio-probak egiteko prest dago. Horrez gain, uztailaren 9tik 12ra bitartean Politena tabernan egon diren herritarrei baheketa egiteko asmoa du helburu Osasun Sailak.
30 haur eta zortzi monitore isolatuta Bilbon
Bilboko Larreagaburu ikastetxean egiten ari diren udalekuetan parte hartzen duten 30 haurrek, zortzi begiraleek eta horien bizikidetza-unitateek 10 egun eman beharko dituzte isolatuta, udaleku horietan parte hartzen ari zen nesketako batek koronabirusean positibo eman ondoren. Udalak instalazioak desinfektatuko ditu ostegun goizean, eta zentro horretako udalekuak normaltasunez jarraituko dituzte datorren astean.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa izango da abuztuaren 1etik.
Zure interesekoa izan daiteke
Albiste izango dira: Iparraldeko hauteskundeen emaitzak, Korrika eta Osakidetzako EPEa
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Hilda topatu dute Arredondon, Kantabrian, desagertutako mendizale bilbotarra
Goizeko lehen orduan aurkitu dute haren ibilgailua, eta, horri esker, mendizalea inguru horretan zebilela baieztatu, eta bilaketa-eremua mugatu dute.
Iruñea kolorez eta euskararen aldeko aldarrikapenez bete du Korrikak
Milaka lagun korrika ibili dira Nafarroako hiriburuko kale eta auzoetan barrena, euskararen aldeko festa jendetsu bihurtuta. Adin guztietako pertsonak bildu dira Iruñean, indarrak hartu ondoren, kaleak energiaz, emozioz eta konpromisoz betez.
Albaceteko zale batekin eztabaidatu ostean hil den Racingeko zale baten heriotza ikertzen ari dira
Ikerketaren gertuko iturriek baieztatu dutenez, gertakariaren jatorria ez dago futbolarekin lotuta, ezta bi taldeetako jarraitzaileen arteko borrokaldi antolatu batekin ere.
EITBk Korrikaren lekukoa eraman du Iruñean
Euskararen aldeko lasterketak EITBren babesa jaso du aurten ere. 24. Korrikaren 763. kilometroa korritu du EITBk, Iruñean, Sadar kalean. Arnaitz Fernandez ("Eguraldia") eta Amaiur Elizari ("Navarra Hoy") aurkezleek eta Iruñeko egoitzako lankideek eraman dute lekukoa Nafarroako hiriburuan.
Arrazakeriaren aurkako 29. martxak etorkinen erroldatzeko eskubidearen alde egin du
500 bat lagunek hartu dute parte gaur Pasaia eta Donostia arteko manifestazioan. SOS Arrazakeriak Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka antolatutako XXIX. Martxan, etorkinek erroldatzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute.
El Bocal kostaldeko pasabidean hildakoak gogoratzeko eta justizia eskatzeko protesta egin dute Santanderren
El Bocaleko pasabidean izandako ezbeharrean hildako sei gazteak gogoratzeko eta justizia eskatzeko protesta egin dute ehunka pertsonak eta kolektibok Santanderren. "Egiaren eta biktimen duintasunaren alde" lelopean, hirigunea zeharkatu dute udaletxeraino, eta bertan manifestu bat irakurri dute haien omenez.
Gizon bat atxilotu dute Bilboko Zorrotza auzoan, bi edukiontzi erretzea egotzita, eta beste zortzi erre ote dituen ikertzen ari dira
Atxilotuak bi edukiontzi erre dituela aitortu du. Sua bizkortzeko asmoz manipulatutako metxero bat zeraman aldean atxilotu dutenean.
Angulen legez kanpoko trafikoaren aurkako operazioa 10 atxiloturekin eta 400 kilo atzemanda amaitu da
Guardia Zibilak eta Jendarmeriak elkarlanean egindako operazioan, Gipuzkoan eta Iparraldean aritzen zen talde bat desegin dute.
Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen ere Korrika!
Korrikak ez duela mugarik erakutsi du berriz ere. Larunbat honetan ehunka lagun bildu dira Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen euskararen alde korrika egiteko. Tradizio bihurtzen ari da Euskal Herritik kanpo ere korrika egitea eta auten 50 hiri handitan antolatu dute hitzordua. Ikusmin handia eragin dute inguruan zebiltzan herritarren eta turisten artean.