Haize gogorrak hainbat arazo eragin ditu Euskal Herrian
Azken orduotan Euskal Herria astintzen ari den haize gogorrak hamaika arazo eragin ditu han eta hemen: errepideetan, trenbide sarean eta argindar zerbitzuan, besteak beste. Han hemenka kalte materialak ere izan dira. Esaterako, haizeak kultur etxeko teilatua eraman du Orendainen eta kalteak eragin ditu herriko frontoian.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) larrialdi zerbitzuek 1.000 intzidentzia baino gehiago zenbatu dituzte. Nafarroan, 100 esku-hartze baino gehiago egin dituzte. Ipar Euskal Herrian, ostera, 12.500 etxebizitza daude argindarrik gabe.
Haize bolada gogorrak neurtu dira han eta hemen: Iratin, Zuberoan, (216 km/h), Aralarren (197 km/h), Oiz mendian (144,5 km/h), Donostiako Santa Clara uhartean (112 km/h), Zaldiaranen (126 km/h), Zarautzen (119 km/h), Mallabian (122 km/h), Iurretan (121 km/h) eta Deustun (94 km/h).
Haizeari dagokion alerta laranja 03:00etan amaitu da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta 08:00etan, ostera, Nafarroan.
Haizeak Orendaingo Kultur Etxeko teilatua eta azken solairua eraman ditu

Honela gelditu da Orendaingo Kultur Etxea. Argazkia: EiTB
Azken orduetan izandako haize-ufada bortitzek kultur etxeko azken solairua eta teilatua eraman dute, eta, ondorioz, kanpotik ikus daitezke liburutegiko apalak eta liburuak.
Gipuzkoako suhiltzaileek azaldu dutenez, eraikina hesitu egin dute, kristalak zintzilik geratu direlako eta oinezkoentzat arriskutsuak zirelako. Hala ere, ez da inor zauritu.
Antza denez, haizeak eraikineko hirugarren solairua estaltzen zuen kristala apurtu du, eta "kandela efektua" egin eta solairu osoa eraman du.
Handik gertu dagoen baserri bat ere kaltetu du haizeak kultur etxetik eramandako materialak.
Era berean, haizeak arrakala handia ireki du frontoiaren sabaian.

Orendain. Argazkia: Euskadi Irratia
Larrialdi zerbitzuek 1.000 intzidentzia baino gehiago zenbatu dituzte EAEn
SOS Deiak zerbitzuan 1.044 intzidentzia kudeatu dituzte astearte arratsaldeko hiruretatik asteazken goizeko seiak arte, haize gogorrak eragindako kalteengatik.
Gipuzkoan zenbatu dituzte intzidentzia gehien (526), Bizkaiaren (357) eta Arabaren (161) aurretik. Kasu gehienetan, errepidera eroritako zuhaitzen edota haizeak mugitutako edukiontzien berri emateko jo dute larrialdi zerbitzuetara.

Zuhaitza errepidera erorita Mallabian. Argazkia: Zeberioko Udala
Halaber, intzidentzia gehienak, 689 guztira, 15:00etatik gauerdira bitartean jazo dira. Gauerditik aurrera, arazo gutxiago erregistratu dituzte.
Bestalde, denboraleak argirik gabe utzi ditu Aia, Ermua, Orendain, Zaldibar eta Zeberio.
Hego haize bortitzak kalte materialak eragin ditu Donostian, zuhaitzak edo fatxadetako elementuak erori direlako. Guztira, 58 esku-hartze izan dira bart hasi eta gaur goizera arte, zuhaitzak eta adarrak erortzeagatik, obrako edo fatxadako elementuak erortzeagatik edo edukiontziak lekualdatzeagatik.
Haizearen ondorioak Nafarroan
Larrialdietako zerbitzuek eta poliziek 100 esku-hartze baino gehiago egin behar izan dituzte bart, azken orduetan Nafarroan izan den haize bortitzaren ondorioz; besteak beste, bost kamioi irauli dira eta zuhaitzak eta adarrak erori dira errepidera.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, SOS Nafarroak 67 gorabeheraren berri izan du 05:00ak arte, eta suhiltzaileak, Foruzaingoa, udaltzainak, Guardia Zibila eta errepideen mantenuaz arduratzen diren langileak aritu dira eragozpenak konpontzeko lanean.
Guztira, ehundik gora intzidentzia izango zirela adierazi dute Nafarroako Gobernutik, haizearen indarra ez baita 08:00ak arte baretu.
Hala, haize bortitzaren eraginez lau kamioi irauli dira N-121 errepidean (Iruñea-Tutera) izandako bi istriputan. Lehenengoa 22:02an gertatu da, Beriainen. Iruñerako noranzkoan zihoazen bi kamioi irauli egin dira, errepidearen ezkerraldea oztopatuz.
Bigarren istripua 22:26an izan da, Tiebasen. Bi kamioi erdi iraulita gelditu dira eta gidariek osasun laguntza behar izan dute. Azkenik, beste kamioi bat irauli da A-12 autobidean, behin Erreniegako tunela igarota. Hala ere, gidaria onik atera da.
Gainera, Obanosen, Sunbillan eta Igantzin ere trafiko istipuak gertatu dira, bidera eroritako zuhaitzen aurka talka egindako trafiko-istripuak izan dira, eta zuhaitzak kendu dituzte Donezteben, Baztanen, Larragan eta Orkoienen.
Bestalde, Iruñeko Udaltzaingoak adierazi duenez, Nafarroako hiriburuan haize-ufada bortitzek kaltetutako zonaldeak garbitzeko esku hartu du Nafarroako Suhiltzaileekin batera. Batez ere, eroritako zuhaitzak eta adarrak kendu dituzte.
Haizeak kalteak eragin ditu, bereziki, Iturrama auzoan. Izan ere, Serafin Olave, Iñigo Arista eta Eskiroz kaleetan aparkatutako autoen gainera adarrak erori dira.

Zuhaitz bat auto baten gainera erorita. Argazkia: @policiaforal_na
Gainera, Burlatan (garabi bat erortzeko arriskuan zegoen), Barañainen, Aragurenen, Noainen eta Iruñerriko beste herri batzuetan ere esku hartu dute.
Nafarroako gainerako lekuetan, esku-hartzeak egin dituzte Ameskoabarrenan eta Lizarrako errepideetan, Baztanen, Bidasoan, Sakanan eta, neurri txikiagoan, Erdialdean eta Erriberan.
12.500 bezero argindarrik gabe, Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian ere gogor astindu ditu bazterrak haizeak. Iratiko etxoletan, Zuberoan, 216 km/h-ko boladak neurtu dituzte.
Haizearen ondorioz, 19.000 bezero argindarrik gabe gelditu dira Pirinio Atlantikoen Departamenduan, horietatik 12.500 Ipar Euskal Herrian.
Bestalde, hainbat tren linea etenda egon dira gaur goizean, bereziki Frantziako Tolosa inguruan, haizeak eragindako kalteen ondorioz.
Istripuak eta errepide mozketak
Trafikoari dagokionez, errepide sare nagusia zabalik dago, baina bigarren mailako errepideetan gorabehera ugari izan dira.
Hala, haize-ufada gogorren ondorioz dozenaka zuhaitz erori dira bidera eta hainbat errepide itxi dituzte. Gauzak horrela, errepidea erabat itxi dute Dima eta Arantzazu artean, Tolosa eta Bidania artean, Zarautz eta Urdaneta artean, Larrabetzu eta Galdakao artean, Asteasu eta Villabona artean, Mallabia eta Ermua artean, Amezketa eta Alegia artean eta Elgeta eta Kanpazar artean, besteak beste.
Pertsona bat arin zauritu da BI-3302 errepidean, Mallabian, gidatzen zuen autoarekin errepidera eroritako zuhaitz batekin talka eginda. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 06:20an gertatu da, Ermuarako noranzkoan. Zauritua Mendaroko Ospitalera eraman dute. Dena dela, haren egoera ez da larria, Segurtasun Sailaren arabera. 08:00etarako egoera bere onera itzuli da.
Nafarroan, NA-2540 errepidea itxi dute (Almandoz-Irurita) 0 eta 9 kilometroen artean zuhaitzak eta adarrak bidera erori direlako eta NA-4150 errepidea (Leitza-Goizueta-Hernani) 15. kilometroan, bidera eroritako zuhaitzak tarteko.
NA-411 errepidea eta A-15 errepidea lotzen dituen errepidea ireki dute berriro, Ostizen. 04:00etatik 09:00etara bitartean itxi egin dute, zuhaitz handi bat erori delako.
Dena dela, intzidentziaren bat duten errepideen zerrenda amaigabea da eta atera aurretik errepideen egoera kontsultatzea gomendatu dute (Trafikoa Nafarroan eta Trafikoa Euskadin).
Eragozpenak tren zerbitzuan
Euskotreneko tren zerbitzuan aldaketak izan dira Usurbil eta Elgoibar artean, trenbidera eroritako zuhaitzen ondorioz.
Oraingoz, EuskoTrenek ez du zerbitzua eten. Dena dela, erabiltzaileek autobusean egingo dute Orio eta Usurbil arteko bidea, bi norabideetan, eta Usurbil eta Elgoibar artean, Bilborako trenetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Zaldi-probek beteko dute idi-proben lekua Abadiñoko San Blas egunean
Erroskilla eta eztarria babesteko lokarriekin batera, idi-probek leku berezia izan ohi dute San Blasetan, baina, aurtengoan, egitarauan moldaketak egin behar izan ditu Udalak, dermatosiaren ondorioz.
Dermatosi Nodular Kutsakorraren aurkako neurriak eguneratu ditu Jaurlaritzak
Behi-aziendak egotea debekatuta egongo da azoka eta erakustaldietan, baina aldundiek salbuespenez baimendu ahal izango dute ustiategi bereko behiak egotea, zenbait baldintza beteta. Neurri horrek, ate joka diren inauterietako bigantxen ikuskizunak eta sokamuturrak egitea ahabildetuko dezake.
Onddoekin egindako ontziak errealitate izan daitezke etorkizunean
Gueñesko Basque Biodesing Centerren urteak daramatzate mizelioa ikertzen. Onddoetatik datorren materiala da, urarekiko erresistentea eta biodegradagarria, eta etorkizunean plastikoa edo kartoiak ordeztu ditzake ontziak egiteko.
Iraungitako dosiarekin txertatutako haurtxo baten amak salatu du "segurtasunik eza" ematen diola egoera horrek
Iraungitako Hexabalente txertoaren dosi bat jaso zuen haurtxo baten amak deitoratu du egoera horrek "segurtasunik eza" eragiten diola, beti pentsatu izan baitu Osakidetzak dena ondo egiten duela. Barkamena eskatu diotela eta adingabeari txertoa berriro jartzeko hitzordua eman diotela ziurtatu du.
Adi Bilbo inguruko errepideetan, seik izena aldatu dute eta, A-8a barne
Gidariek eta nabigatzaileek izen berriekin ohitu beharko dute orain. Garai bateko Hegoaldeko saihesbideak BI-10 izena hartuko du, eta Txorierriko igarobidea BI-30 izango da aurrerantzean.
Osakidetzak asteon bukatuko du iraungitako dosia jaso zutenen birtxertaketa
Hexabalentearen kasuan, gaizki txertatutako 30 lagunetatik gehienek jaso dute dosia, eta bestela, gaur-biharretan izango dute. Tetrabalente eta hirukoitz birikoari dagokionez, asteon amaituko dutelakoan dago Osakidetza.
Tolosako inauterietan bigantxak izango dira azkenean
Gipuzkoako Aldundiak behin-behinean baimendu ditu inauterietan bigantxekin egiten diren ekitaldiak eta sokamuturra. Abenduan, Frantzian dermatosi nodular kasuek gora egin zutelako erabaki zuten Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak abelburuen joan-etorriak mugatzea eta behi erakusketak, idi probak eta sokamuturra debekatu zituen, agindu bidez.
Iaz 80 pertsonak jaso zuten eutanasia EAEn, aurreko urtean baino % 62k gehiagok
Eutanasia eskaerak 120 izan ziren, eta aurreko urtean, 74.
EAEko ikastetxeetan aurrematrikula egiteko gida
Gaurtik otsailaren 13ra arte egin ahal izango da aurrematrikula online zein aurrez aurre, eta hemen jaso dugu jakin beharreko informazio guztia.
EH Bilduk iraungitako txertoen inguruan egindako ohartarazpena "sobera" zegoen, Osasun Sailaren ustez
Lore Bilbao Osakidetzaren zuzendari nagusiak ETB1eko "Egun On" saioan azaldu duenez, familiei "mezu argi bat" helarazi nahi zieten, eta, horretarako, txostenak eskatu zituzten. Horien zain zeudenean egin zuen EH Bilduk eman zuen auziaren berri. "10 egun lehenagotik baldin bazekiten, zergatik ez zuten ezer egin? Kasu honetan guk bagenekien, baina zer gertatuko litzateke jakin izan ez bagenu?", galdetu du.