Alarma egoera ezarri du Espainiako Gobernuak, eta maiatzaren 9ra arte luzatu nahi du
Alarma egoera berria ezarri du Espainiako Gobernuak hurrengo 15 egunetarako, ministroen ezohiko bilera batean, igandean. Exekutiboaren asmoa sei hilabetez luzatzea da, Pedro Sanchez presidenteak iragarri duenez. Horretarako, Diputatuen Kongresuaren babesa beharko du.
Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute dekretua, eta berehala sartu da indarrean. Espainiako lurralde osoan, baina horrek ez du zertan konfinamendu berri bat ekarri. Bere helburu nagusia da autonomia erkidegoek hartutako eta auzitegiek atzera botatako zenbait neurriri babes juridikoa ematea; etxeratze agindua eta bilerak egiteko murrizketak, esaterako.
Etxeratze agindua derrigorrezkoa izango da 23:00etatik 6:00etara. Dekretuak ahalmena ematen die autonomia erkidegoei hasteko edo bukatzeko momentua ordu bat aurreratzeko edo atzeratzeko. Horrela, exekutibo autonomikoek erabaki lezakete kalean ibiltzeko debekua 22:00etan edo 00:00etan hastea, eta 5:00etan edo 7:00etan bukatzea.
Zenbait kasutan ordu horren atean kalean ibili ahalko da, esaterako, medikamenduak erosteko, lanera joateko, etxera itzultzeko edo adinekoak zein adin txikikoak zaintzeko.
Etxeratze agindua ez da Kanarietan aplikatuko, egoera epidemiologiko hobea duelako.
Bilerei dagokienez, dekretuak ahalmena ematen die autonomia erkidegoei horiek gehienez 6 pertsonara murrizteko, toki publikoetan zein pribatuetan.
Alarma egoera berriak ez du autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna murriztuko. Hori exekutibo autonomikoen esku geratuko da. Itxiera perimetralak ezarri ahalko dituzte.
Maiatzaren 9ra arte
Diputatuen Kongresuak aste honetan ekingo dio alarma egoera berriaren luzapenari buruzko eztabaidari. Gobernuaren asmoa sei hilabetez luzatzea da, maiatzaren 9ra arte, eta horrela neurriak ezartzeko "marko egonkorra" lortu. Sanchezen arabera, hori da bigarren olatua eta pandemiaren ondorioak geldiarazteko beharrezko denbora.
Iragarri duenez, alarma egoera indarrean dagoen tartean, Osasun ministroak Diputatuen Kongresuan hitz egingo du, 15 egunean behin. Presidenteak esan duenez, espero du autonomia erkidegoetako presidenteak gauza bera egitea.
Era berean, alarma egoera "berehala" bertan behera geratuko dela "lehenago larrialditik guztiz ateratzen bagara".
Beraz, Sanchezek luzapenaren alde bozkatzeko eskatu die talde parlamentario guztiei, "babes izugarria" lortze aldera.
Autonomia erkidegoak, agintean
Autonomia erkidegoetako presidenteak izango dute alarma egoera kudeatzeko ardura, lehen olatuan ezarritakoan ez bezala. Momentu horretan Espainiako Gobernuko presidenteak izan zuen.
Hala ere, bilerak egingo dituzte autonomia erkidego guztiek eta Osasun Ministerioak.
Azken egunotan, hamaika erkidegok —PPk gobernatutakoek ez— eskatu diote Sanchezi alarma egoera ezartzea, tartean, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak. Neurri murriztaileak ezarri ahal izateko babes juridikoa nahi dute tokian tokiko buruzagiek, batez ere, mugikortasunarekin lotutako neurriak hartzeko.
EAJren, talde independentisten eta Ciudadanosen babesa lortuta, alarma egoera ezartzeko arazorik ez du izango Espainiako Gobernuak. Babesak lortuta dituen arren, legediaren arabera, alarma egoera ezartzeko ez du Kongresuaren gehiengoaren oniritzia behar Sanchezek; hori bai, alarma egoera, indarrean sartzen denetik, 15 egun baino gehiago luzatzea nahiko balu, orduan bai beharko luke gehiengoaren aldeko botoa. Horregatik, joan den ostiralean, Salvador Illa Osasun ministroak Alderdi Popularrari eskatu zion alarma egoeraren luzapenaren alde egin dezala, hala beharko balitz.
Plan bateratua
Erkidegoetako eta Espainiako Gobernuko osasun agintariek bilera egin zuten joan den ostegunean, eta, besteak beste, pandemiaren bigarren olatuari aurre egiteko plan bateratua adostu zuten.
Egoeraren arabera, lau alerta maila ezartzea erabaki zuten, eta horretarako, lurralde bat maila batean edo bestean kokatzeko irizpideak jaso zituzten planean. Erkidego guztiak koordinatuta aritzea da helburua, baina, edonola ere, bakoitzak bere neurriak hartzeko eskumena izango du.
Martxoan lehen aldiz ezarritako alarma egoera udan, babes ezagatik, bertan behera geratu eta gero, kogobernantza estrategiaren alde egitea erabaki zuen Sanchezek, erkidego bakoitzak bere kudeaketa egiteko ahalmena izan zezan, betiere, Osasun Ministerioarekin elkarlanean.
Abuztuaren amaiera aldera, egoeraren larritasunaren aurrean, alarma egoera lurraldeka eskatzeko aukera ere jarri zuen mahai gainean Espainiako presidenteak, erkidegoei aterki juridikoa emateko, neurriak hartzerako orduan.
Zure interesekoa izan daiteke
Ordu aldaketa: Udako ordutegia bueltan da
Martxoaren 28tik (larunbata) 29ra (igandea) bitarteko goizaldean, 2:00etan ordua aldatu beharko da, eta 3:00ak izango dira. Atseden hartzeko ordubete gutxiago egongo da. Egungo ordutegi ereduarekin jarraitzeko beharrak eztabaida sortzen du, batez ere bi arrazoi garrantzitsurengatik: osasuna eta energia kostua.
Futbol arbitro batek, emakume adingabea bera, irainak eta mehatxuak salatu ditu Basauriko partida batean
Bizkaiko Futbol Federakundeko lehiaketa batzordea gaur elkartzekoa da gertatutakoa aztertzeko eta balizko neurriak aztertzeko. Basauriko futbol taldeko jokalariak, teknikariak eta zaleak barne, irainka hasi ziren, talde bisitariak berdinketa (3-3) lortu eta gero.
BI-30 errepidean izandako istripu batek auto-ilarak eragin ditu Txorierrin eta Arrontegin
Ezbeharra goizean goiz gertatu da Erandion, eta errei bat itxi behar izan dute Galdakaorako noranzkoan. Ilara luzeak sortu dira.
EHUk unibertsitate-komunitatean errespetua eta bizikidetza indartzeko protokolo bat bultzatuko du
Ekimenak bitartekotza, partaidetza eta sentsibilizazio-neurriak izango ditu, eta komunitate osoaren ekarpenak jasotzeko plataforma digital bat izango du oinarri.
Albiste izango dira: Korrika zuzenean, krisi energetikoa eta Berdintasunerako Emakunde Saria
Orain-ek gaur landuko dituen albiste nagusien laburpena.
Korrika Gipuzkoan sartu da!
Atallu eta Araitz-Betelu atzean utzi eta Lizartzatik sartu da Korrika Gipuzkoan, Tolosaldean. Berastegiko udaleko ordezkariek sartu dute lekukoa Gipuzkoara. Ondoren, Galtzaundi Tolosako euskaltzaleen elkartearen txanda izan da. Mailopeko eta Tolosaldeako eskualdeak bat egin dute, Korrikaren alde. Gauean, besteak beste, Tolosa, Andoain, Hernani, Oiartzun eta Irun igarota, Nafarroara itzuliko da berriz ere eta goizaldeko 06:00ak aldera Beran izango dute.
Familia batek salatu du Durangoko egoitza bateko erabiltzaileek "gabezia larriak" dituztela
Egoitzako zuzendaritzak ukatu egin ditu akusazioak, lantaldearen "profesionaltasuna" defendatu du, eta ziurtatu du Bizkaiko Aldundiak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela.
Bi pertsona zauritu dira Azkoitian, etxe batean izandako sutean
Trino Uria kalean piztu da sua eraikineko azken solairuan, asteleheneko ordu bata aldera. Bi lagun artatu dituzte lekuan bertan; zaurituetako batek erredurak ditu eta ospitalera eraman behar izan dute. Eraikin osoa hustu dute, eta sua kontrolpean duten arren, Azpeitia eta Eibarko suhiltzaileak lanean ari dira kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen.
EAEko farmazialariek uda baino lehen utziko diote sendagaien kupoia ebakitzeari
Osasun Saila farmazien kudeaketa-sistemak egokitzen ari da, fakturazioa sendagaien ontzietako datamatrix kodea irakurriz "egunean eta online" egin ahal izateko.
Gizon bat hil da eta lagun bat zauritu, Irungo soto batean izandako sutean
Zauritua helikopteroz eraman dute Gurutzetako Ospitalera. 13:45ean piztu da sua, Uranzu kalean, eta garrak itzaltzea lortu badute ere, suhiltzaileek hozte-lanetan jarraitzen dute.