Orive: "Orain ezin gara azkar joan. Ezin dugu lehengo akatsa berriro egin"
Agintari politikoek COVID-19aren hedapenari aurre egiteko neurriak ezartzen dituzten arren, pandemiaren tamainari buruzko kontzientzia argia ez badago eta herritar bakoitzak ez baditu norbera babesteko neurri pertsonalak hartzen, ezinezkoa izango da arazo hau konpontzea. Horregatik, pedagogia funtsezkoa da herritarrak oso nekatuta dauden testuinguru honetan. Agintari politikoen erantzukizuna da informazio argia eta gardena helaraztea.
Horiek dira Gorka Orive EHUko Farmazia Fakultateko irakasleak eta ikerlariak bota dituen mezuak, ETBko zerbitzu informatiboei eskainitako elkarrizketan. Hona laburpen bat:
· Egungo egoeraren analisia
Gure gaurko egoera ez da ona. Intzidentzia tasa oso altua da Euskadi osoan, eta egoera txar horren aurrean, orain, neurri batzuk hartu dira. Neurriak gogorrak dira, baina inguruko beste herrialde batzuetan hartu dituztenekin alderatuta, gogorragoak izan daitezke. Hemendik bi edo hiru astera ikusiko ditugu neurri hauen emaitzak, eta horiek erakutsiko digute neurri zorrotzagoak ezarri behar diren edota hauekin ondo goazen.
· Zergatik heldu gara puntu honetara?
Hasteko, pandemia egoera batean gaude eta oso kutsakorra den birus baten aurrean gaude. Goiko arnasbideak kaltetzeko ahalmen handia duen birus bat da, eta hori kritikoa da birusa kutsatzeko eta transmititzeko orduan. Bigarrenez, logikoki, uda txarra izan dugula esan behar da. Ez dugu deseskalatze prozesua modu egokian egin, oso azkar egin dugu, eta horrek eragin du ezin mantentzea maila baxuetan udako kutsatze kopuruak. Abuztuan ia 800 kasu izan genituen egun bakar batean. Beraz, egoera txar batetik abiatu gara.
Neurriak hartu dira, baina beti da posiblea neurri gehiago hartzea. Zalantzarik gabe, ahalegin handia egiten ari da PCR probak egiteko, baina ezin dugu ahaztu, neurriei dagokienez, ezin dugula semaforoa gorri egon arte itxaron.
Zentzu horretan, herritarrek ere badute erantzukizun indibiduala eta kolektiboa. Pandemiak guztiok eragiten gaitu, agintariei zein herritarrei. Beharrezkoa da mundu guztia honen jakitun izatea: neurriak egon arren, nik ez badut nire burua babesteko neurririk hartzen, ezinezkoa izango da hau konpontzea.
· Neurrien egokitasuna eta eraginkortasuna
Martxotik hona krisi honek zerbait irakatsi badigu zer da: neurriak lehenago hartzen, murrizketak lehenago ezartzen dituena egoera hobeto kontrolatzen duena da. Hau da, birusak aurrea hartzea ekiditen saiatzen dena da gero emaitza hobeak dituena. Hemen hartu diren neurrien gaineko galdera hurrengoa da: Kutsatzeen argazkiari dagokionez neurri egokiak dira? Niri, pertsonalki, agintariek informazio hori pedagogikoki transmititzea gustatuko litzaidake. Zergatik hartu dira neurri hauek eta ez beste batzuk?
Beste galdera litzateke neurriak egokiak diren denboran zehar, norbaitek pentsatu baitezake neurri hauek semaforoa horiz zegoenean hartu ahalko zirela, eta ez gorriz dagoenean. Pandemiak utzi digun beste lezioetako bat da. Orain ezin gara arin ibili, ezin ditugu epe motzean helburuak ezarri. Aurrekoan ikusi genuen, oso konfinamendu eraginkor batekin, baina oso mingarria zentzu askotan. Ezin dugu akats bera errepikatu.
· Mezua Gabonetara begira
Pandemia baten barruko Gabonak izango dira. Arnas birus bat oinarri duen osasun krisi batean gaude eta, beraz, harreman sozialak ekidin behar dira, ahal den heinean.
Batzuentzat mingarria izango den arren, Gabon kontrolatuak izan beharko dira, eta burbuila txikietan igaro beharko ditugu, neurri guztiekin: musukoa, eskuak garbitzea eta distantzia. Horrekin, espero dezagun datorren urteari modu hobean ekitea. Ziur aski, lehenengo txertoak ikusi ditugun urtea izango da.
· Zer ikasi dugu?
Asko ikasi dugu azken hilabeteetan, maila zientifikoan eta maila sozialean. Birusaren eta gaixotasunaren inguruan gehiago dakigu orain, baita transmisio bideen inguruan ere. Eta arrisku puntuak non dauden ere lehen baino hobeto dakigu. Oso argi daukagu ingurune itxiko birusa dela.
Txertoari eta medikazioaren inguruan ere asko ikasi dugu. Entsegu kliniko asko jarri dira martxan denbora oso laburrean eta zoritxarrez, oraindik, sendagai asko ez dugu. Medikuntzan asko erabili den dexametasona botikak bakarrik eman ditu emaitza eraginkorrak koronabirusaren aurrean; hainbat gaixo salbatu ditu.
Azken hilabeteotan ikusi dugu pandemiari aurre egiteko erabili diren estrategia ezberdinek emaitza ezberdinak eman dituztela; jendearen mugimendu eta harremanak guztiz eteten badira, infekzio iturria jaitsi egiten da.
Ikusi da, baita, zenbait herrialdek, Hego Koreak edota Japoniak, esaterako, birusa errotik desagerrarazteko ahaleginak egin dituztela, neurri eta kontzientzia lan oso zorrotzekin. Emaitza oso onak lortu dituzte. Beste herrialde batzuetan, Europako gehienetan eta Estatu Batuetan, egin den aukera beste bat izan da: birusarekin elkarbizitzen egotea. Bigarren aukera honek emaitza txarragoak eman ditu.
· Etorkizun hurbila
Zaila da zer etorriko den jakitea. Argi dagoena da oso egoera txar batetik abiatuko garela, gure egoera adierazten duen semaforo bat dugun arren, ezin dugu ahaztu semaforo hori gure neurrira eginda dagoela. Helburua litzateke semaforoaren parametroak jaistea, adibidez, gorria 100.000 biztanleko 50 kasuetara. Gaur egun ditugun datuekin, gauzak txarrera badoaz, uste dut berehala agertuko dela etxeko konfinamenduaren mamua. Ez dakit orokorra, partziala ala asimetrikoa izango den. Herrialde batzuetan erabaki hori hartu dute bigarren olatu honetan.
Edozein kasutan, oso garrantzitsua iruditzen zait, konfinamendua bezalako neurri handi bat hartu behar badugu, dena pedagogiaz eta gardentasunez egitea. Garrantzitsua azaltzea zergatik eskatzen diguten ahalegin gehigarri hau. Letra txiki gutxia azaltzea zaila izango den egoera bat izango da.
Oso egoera aldakor batean gaude, eta herritarrak oso nekatuta daude. Gutako bakoitzak pentsatu behar duena da nola moldatu dezaket nire bizitza testuinguru honetara eta kutsatzeko aukerak gutxitzea. Gutxitzea izan daiteke, adibidez, espazio irekiak bultzatzea eta itxiak ekiditea.
Argi dago gaur egungo kutsatze mailarekin, hemendik bi astera ospitaleratzeek gora egingo dutela. Ikusiko dugu kutsatzeak murrizteko gai garen.
· Txertoa
Txertoa izango dugu, inolako zalantzarik gabe. 300 bat hautagai edo txerto-aukera lantzen ari dira mundu osoko laborategietan, eta horietatik 30-45 inguru entsegu klinikoetan daude, eta 10, jada, 3. fasean. Urtea amaitzerako baliteke txertoa izatea. Hain denbora laburrean, txerto baten inguruan horrelako emaitzak izatea izugarria da.
Baina, orain, txertoak izango ditugunez, oso inportantea da mezu egokiak helaraztea biztanleei: zer den txertoa, zertarako den, zer espero beharko dugun txerto honengandik… Askok, akaso, pentsatuko dute txertoa iristen denean dena konponduko dela, hau da, musukoak kendu eta lehengo bizitza errekuperatuko dutela. Ez da horrela.
Txertoak ez du desagerraraziko infektatzeko arriskua. Ahalbidetuko du infektatu den pertsona horren sintomatologia arintzea.
Txertoari buruz inportantea da esatea ez direla % 100 eraginkorrak. Gutxi gorabehera, 10etik 7k lortuko dute immunitatea eta 3k, agian, ez. Hori esan egin behar da.
Eta noski, esan behar da, baita ere, merkaturatuko diren txerto guztiak oso seguruak eta eraginkorrak izango direla. Izen handiko laborategiak ari dira txerto horiek garatzen, eta erregulazio prozesu zorrotzak pasatu behar dituzte merkaturatu aurretik.
Zure interesekoa izan daiteke
Basauri BEA futbol taldearen hurrengo hiru partidetara ez du epailerik bidaliko Bizkaiko Arbitroen Batzordeak
Epailerik gabe, beraz, partida ezingo da jokatu. 16 urteko arbitro emakume bat iraintzeagatik eta mehatxatzeagatik ezarri diote zigorra futbol taldeari.
Corellako 14 urteko adingabe bat saldu eta ezkontzera behartu zuten pertsonak epaituko dituzte
Kasua ikertu duen epailearen ustez, gertakariak gizakien salerosketaren delitu izan daitezke. Autoaren arabera, gaztea ezkontzera behartu zuten "5.000 euro, bost whisky botila eta janariaren truke" eta, ondoren, Kataluniako hainbat udalerritan eskean aritzera behartu zuten.
24. Korrikaren amaiera: festa erraldoia Bilbon, igandean
Martxoaren 29an Bilboko udaletxean amaituko da 24. Korrika, "Euskara gara" lelopean, eta egun osoan zehar jarduera desberdinez osatutako egitarau zabala izango da.
Euskal hiztunen "eguneroko errealitatearen lagin txiki bat": 883 urraketa, 2025ean
Hizkuntza Eskubideen egoerari buruzko txostena aurkeztu du Behatokiak. Ondorio nagusia da "araugintzan errotiko aldaketak" egin ezean, "atzerapausoak emateko arriskua gero eta nabarmenagoa" dela. Azaldu dutenez, zenbait lanpostu publikotan euskararen ezagutza ez izateak sistema osoaren euskaraz funtzionatzeko gaitasuna oztopatzen du.
Eusko Jaurlaritzak Trans Memoriaren Eguna izendatu du azaroaren 20a
Dekretua elkarte eta erakunde sozialekin lankidetzan egin da, besteak beste, Naizen, Errespetuz eta Loratuz Lotu elkarteekin. Besteak beste, aukeratutako dataren proposamenean eta adostasunean parte hartu dute.
Akusatutako irakaslearen ikasle ohia: "Guk ere lekuz kanpo zeuden iruzkinak entzun behar izan genituen 11-12 urte genituenean"
Oiartzungo Elizalde ikastetxean irakasle akusatuaren ikasle izan ziren hainbat emakume Gipuzkoako Probintzia Epaitegira hurbildu dira gaur biktimei babesa ematera. Horietako batek azaldu duenez, 11-12 urte zituztenean "iruzkin lizunak" egiten zizkien gizonak, eta epaiketan entzundakoaren aurka, ziurtartatu duenez, gizona bera zen gerturatzen zitzaiena eta "lekuz kanpoko iruzkinak" egiten zizkiena. Ikasgelan bideo pornoak jartzen zizkiela eta hitz-joko lizunak egiten zituela esan dute, eta "nazkagarria" eta "lotsagabea" zela.
Irungo institutu batean diruaren truke ikasleei sexu harremanak proposatzea leporatzen dioten irakasleak akusazioak ukatu ditu, eta lan jazarpena salatu du
Fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra eskatu du irakasle horrentzat, 13 eta 15 urteko hiru adingaberi diruaren zein oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egitea egotzita.
Epaileak Amaya Zabarteren kasua artxibatu du, jaurtigaia nork bota zuen egiaztatu ezin duelako
Donostiako epaileak behin-behinean artxibatu du 2024ko martxoan jasandako lesioagatik irekitako auzia, eta familiak helegitea aurkezteko aukera du orain.
Epailearen arabera, Estatuko administrazioarena zen El Bocaleko pasabidea mantentzearen ardura, eta ikerketapean jarri ditu Trantsizio Ekologikoko bi funtzionario
Epailearen ustez, Estatuko administrazioa da martxoaren 3an Santanderko hondartza horretan istripua izan zen pasabidearen "kontserbazio-egoera eta mantentzea egokia zela bermatzeko arduradun bakarra", eta pasabide horretako eta beste batzuetako lanak "amaitu gabe" daudela. Sei pertsona hil ziren eta bat larri zauritu zen, martxoaren 3an, itsaso ondoko pasabidea behera etorrita.
Alokairuen eskaintza, amilduta: Bilbon eta Donostian % 70 baino gehiago murriztu da
Iruñean alokairuen eskaintza % 47 jaitsi da, eta Gasteizen % 26, Idealistaren arabera. Bilbon, etxebizitza baten bila dabiltzanen lehiak % 864 egin du gora bost urtean.