Ostalaritza itxita, eta musukoaren erabilera derrigorrezkoa ia denean
Gaur, azaroaren 7an, indarrean sartu dira Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen neurri berriak EAEn koronabirusaren zabalkundea eteteko asmoz; tartean, ostalaritza ixtea, etxeratze-agindua 22:00etara aurreratzea, eta musukoaren erabilera derrigorrezkoa izatea ia une guztietan.
Hasiera batean azaro osoan indarrean egongo den dekretuan, etxeratze-agindua ordubete aurreratuko da, baina berdin-berdin izango da 06: 00ak arte.
Gainera, ostalaritzaren eta jatetxeen itxiera agintzen da, baina hoteletako jantokiak eta beste ostatu batzuk salbuetsita daude.
Testuak argitzen duenez, 21:00ak arte zerbitzatu ahal izango dira otorduak etxez etxe edo bertan jasota, eta debekutik kanpo geratzen dira gasolindegiak eta zerbitzuguneak, osasun-zentroak, zaharren-egoitzak, eta eskola eta lantokietako jantokiak.
Apustu-etxeak ere itxita egon beharko dira.
Gaurtik aurrera, jarduera sozioekonomikoak 21:00ak baino lehenago egin behar dira, eta horrek saltoki guztiei eragingo die, farmaziei eta gasolina-zerbitzuguneei izan ezik. Ordu hori baino lehen amaitu beharko dira kultur jarduera eta ikuskizun guztiak ere.
Gurtza zentroetako edukiera % 35era murriztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta taldeko edozein kirol jarduera bertan behera uztea, lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik. Kirol ekitaldietan ez da ikuslerik egongo.
Garraio publikoa 22:30ean abiatuko da beranduenera jota, baina muga horretatik kanpo geratzen da taxian edo bestelako gidariarekin egindako garraioa.
Musukoa kirolean eta lanean
Eusko Jaurlaritzak emandako azken aginduaren arabera, musukoa derrigorrezkoa izango da lanean. Orain arte, lanpostu gehienetan ez zen nahitaezkoa maskararen erabilera, segurtasun tartea gordetzeko aukera bazegoen.
Maskararen erabilerarekin lotuta, bada salbuespenik, baina osasun zerbitzuek kontrakoa gomendatzen ez duten bitartean, lanpostu guztietan izango da derrigorrezkoa musukoa.
Kirola egiterakoan ere neurri bera ezarri dute, igerilekuetan salbu. Hartara, musukoa erabili beharko dute kirola egitera hiri imguruetara ateratzen diren guztiek ere.
Era berean, debekatu egin dute kultur ekintza eta ikuskizunetan goxokiak eta edari freskagarriak saltzea, eta kirol instalazioetan aldagelak eta dutxak zarratuta egongo dira.
Kirolaren esparruan, taldeko edozein jarduera eteten da, bai entrenamenduan bai lehiaketan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeenak izan ezik.
Era berean, "eskola kirola alde batera utzita, gimnasioetan, kirol-klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak" egin ahal izango dira, betiere maskara erabilita, sei laguneko taldeetan gehienez, eta edukieraren % 40ko edukiera mugatuta.
Ostalarien kexak
EAEko taberna eta jatetxe guztiak itxita egon beharko direla eta, oso kritiko azaldu da ostalaritza sektorea, Jaurlaritzak ez duelako laguntza plana oraindik zehaztu eta erabakia establezimendu askorentzat "azken kolpea" izango delako.
Mikel Aiestaran Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko Kudeaketa zuzendariak Euskadi Irratian aitortu duenez, erabakiarekin "etsita eta haserre" daude, eta askorentzat "azken kolpea" izango dela nabarmendu du. Izan ere, Gipuzkoako ostalarien ustez, epe motzera 1.000 lokal itxiko dituzte, eta lanpostuen % 25 galduko da, hau da, 16.000 lanpostu. Aiestaranek nabarmendu du osasun egoera dela lehentasuna, baina "bidegabetzat" jo du erabakia, "frogatua" baitago taberna eta jatetxeek "segurtasun neurri guztiak bete" dituztela, eta ez direla kutsatzeen "foku garrantzitsuena" izan.
Antzeko adierazpenak egin ditu Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaileak Radio Euskadin. Nabarmendu duenez, taberna eta jatetxeek "gauzak ondo" egin dituzte birusaren hedatzea saihesteko. "Ez dago datu zehatzik esateko ostalaritza ixtea dela arazoaren konponbidea. Katalunian 15 egun daramatzate itxita eta kutsatzeak ez dira txikitu, Madrilen, aldiz, hobera egin du osasun egoerak, eta ez dituzte tabernak zarratu", azaldu du.
"Guretzat, osasun arlotik zaila da erabaki batzuk eztabaidatzea, baina plan zehatz bat eskatzen dugu. Ez du balio esatea laguntzak aztertuko dituztela, horrek denbora eskatzen duelako, eta sektoreko profesionalek ordainketei aurre egin behar dietelako", kritikatu du.
Era berean, uste du itxiera larunbat baterako ezartzea "Jaurlaritzaren sentsibilitate faltaren beste adibide bat" dela. "Ixtea erabakitzen bazen, neurria astelehenetik aurrera ezartzea eskatzen genuen guk, horrela astebururako salgaiak erosita zituzten horiek ez dituzte zakarrontzira bota beharko", deitoratu du.
Azkenik, azpimarratu du orain arte eskaini dizkieten finantzazio lerroak ez direla lagungarriak "gehiago zorpetzea" dakartelako. Are, bankuek maileguak ematen ez dituztela salatu du, "ostalaritzako balantzeek ez dituztelako estandarrak betetzen".

Tabernak, itxita. Argazkia: Efe
Oposizioko alderdiak
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak uste du larunbat honetan indarrean sartuko diren neurri murriztaileak beharrezkoak direla pandemiari aurre egiteko, baina ezinbestekotzat jo du aldi berean sektore kaltetuenentzako laguntzak bideratzea.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailearekin bildu da lehendakaria. Gorrotxategik ere Jaurlaritzak iragarritako neurriak babestu ditu, baina kaltetuei laguntzea eskatu du, tartean ostalaritzari zuzeneko diru-laguntzak emanda.
Bestalde, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidenteak ostalaritza-sektorea "umiliatzea" eta "galbidera eramatea" egotzi dio Eusko Jaurlaritzari, tabernen eta jatetxeen itxiera agindu eta gero. Sektorearentzat laguntzak eskatu ditu, "ez apurrak eta huskeriak", nabarmendu du
Zure interesekoa izan daiteke
Noelia eutanasia eskatu zuen Bartzelonako gazteak gaur jasoko du, epaileak onartu ostean
25 urteko emakumeak bere erabakiari eutsi dio, nahiz eta aita aurka agertu, Espainian legezko bide guztiak agortuta eta Giza Eskubideen Europako Auzitegira jota.
Meta eta Google, 2,6 milioi euro ordaintzera behartuta, gazte bati eragindako menpekotasunagatik
Antsietatea, depresioa edo gorputz-dismorfia dira gazteak pairatutako kalteetako batzuk. “Haurrentzat mendekotasuna sortzen duten eta kalte egiten duten produktuak diseinatzen dituzte”, adierazi du abokatuak.
Hondarribiak gaur onartuko du bere II. Berdintasun Plana, Alardearen inguruko gatazka bideratzeko neurriak jasoko dituena
Planak “emakumeen eskubideen defentsan jasandako indarkeria aitortzeko formulak" bilduko ditu.
Albiste izango dira: Korrika zuzenean, krisi energetikoaren aurkako neurriak eta hauteskunde sindikalak Ertzaintzan
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ikerbasquek 30 ikertzaile erakarri eta 49 milioi euro baino gehiago bildu zituen 2025ean ikerketarako funtsetan
Urtearen amaierarako, 35 herrialdetako 417 profesional zeuden, eta 1.685 lagunek fundazioko langileek gidatutako taldeetan lan egiten zuten.
Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela adierazi du Amaya Zabarteren senarrak
Epaileak Amaya Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa soilik izan duela kontuan, lekukoen testigantzak eta frogak alde batera utzita. Probintzia Auzitegira begira itxaropentsu dago, justizia kasua hara heldutakoan iritsiko zaielakoan.
Eureka! Zientzia Museoak ekainaren amaieran itxiko ditu ateak, 25 urteren ondoren
Kutxa Fundazioak ATENEA proiektua bultzatuko du, Tabakaleran, eta jakintza-eredu irekiagoa eta diziplinartekoa proposatuko du.
Hondarribiak "berariaz" landuko du Alardea Berdintasun Planean, "gatazkaren konponbidean aurrera egiteko"
Udal arduradunek esan dutenez, Emakundek egindako txosten batek ezartzen du Berdintasun Planak gai horri heldu behar diola, "parte-hartzean dauden desorekak direla eta".
Fiskaltzak 22 urteko eskaerari eutsi dio adingabeei sexu-proposamenak egiteagatik epaitutako Irungo irakaslearentzat
Defentsak, bere aldetik, absoluzioa eskatu du, irakasleak ustezko biktimekin "adiskidetasun" harreman soila zuela eta deliturik ez duela egin iritzita.
Benetako pobrezia % 4tik % 6,1era igo da Euskadin, gizarte-desberdintasunei buruzko inkestaren arabera
Familiek eguneroko gastuak ordaintzeko duten gaitasuna hobetu bada ere, oporretan joateko eta hamar urte baino gutxiagoko autoa izateko zailtasunak areagotu dira.