Beste preso bat hil da Zaballako espetxean, 2020ko seigarrena
Salhaketak, presoen aldeko elkarteak, Zaballako espetxean preso bat hil dela salatu du, 2020ko seigarren heriotza Arabako espetxe horretan.
50 urteko presoaren heriotza abenduaren 25ean gertatu zen, elkarteak ohar baten bidez jakinarazi duenez, eta horrelako heriotzetan espetxeetako agintariek heriotzaren nondik norakoak argitu gabe jarraitzen dutela salatu du.
Hala eta guztiz ere, Salhaketak esan du kartzela barruan gertatzen dena agerian uzten jarraituko duela, nahiz eta koronabirusaren pandemiak asko zailtzen duen espetxeekin komunikazioa "eta zailagoa da erasoak publiko egitea".
Hilabete asko dira presoak "erabat isolatuta" daudela pandemiaren ondorioz, eta ez dute harreman zuzenik senideekin, ezta babeseko pertsonekin ere, Salhaketak baieztatu duenez. Hala, elkarretaratzea deitu du urtarrilaren 12rako, Gasteizen, heriotza berri hori salatzeko.