Gizonezko baten gorpua atera dute Bidasoa ibaitik, Irunen
Eusko Jaurlaritzako larrialdi zerbitzuek pertsona baten gorpua atera dute gaur goizean Bidasoa ibaitik, Irun parean. Hain zuzen ere, migratzaile baten gorpua dela argitu du Harrera Sarea plataformak eta "hau gertatuko zela ikusia" zegoela salatu du. Hildakoa Boli Kostako 28 urteko gazte bat da, EiTB Mediak jakin ahal izan duenez. Espainiara Kanariar Uharteetatik sartu zen, ondoren Granadatik eta Madriletik igaroz, Irunera iritsi arte.
Dirudienez, bizilagun batek ohartarazi du 11:00k aldera gorpua ikusi duela ibaian, eta, ondoren, aurkitu eta atera egin dute larrialdi zerbitzuek.
Irungo Udalak zehaztu duenez, gorpua SantiagoAurre uhartearen parean aurkitu dute. Suhiltzaileek "arraza beltzeko gizon gazte baten" gorpua atera dute uretatik. Identifikatu ez duten arren, "Europara bidean zegoen migratzaile bat" zela uste du Udalak ere.
Halaber, Irungo Harrera Sareak azaldu duenez, adingabe bat erreskatatu dute gaur goizean Bidasoa ibaian, baina beste ertzean, Hendaian. Kasu honetan ere migratzailea zen erreskatatutako pertsona, eta oso justu-justu atera dute uretatik. 16 urteko Burkina Fasoko gazte bat da Hendaiako Jocaux auzoan erreskatatutakoa..
Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, adingabea "biluzik eta hilzorian" zegoen erreskatatu dutenean, bizilagunek "jantzi" eta "suspertu" egin dute; eta horren ostean, migratzailea bidaia jarraitzen saiatu da, baina "bi ordu geroago Frantziako Poliziak Irunera itzuli du". Honen aurrean, "adingabeak adingabeen zentro batera eraman" behar direla gogorarazi du Harrera Sareak.
Alkateak "gure esku dauden baliabide guztiak" eskaini ditu
Jose Antonio Santano Irungo alkateak "tristura handia" agertu du eta "gure esku dauden baliabide guztiak" eskaini ditu "laguntzeko". Alkateak Josu Erkoreka Segurtasun sailburuarekin hitz egin duela jakinarazi du, koordinatzeko eta udal laguntza eskaintzeko.
"Giza drama" horren aurrean, "guztion hausnarketa sakona" eskatu du Santanok, "etsipenak pertsona horiek bizitza jokatzera eta, tamalez, galtzera eraman ez ditzan".
Eusko Jaurlaritza "atsekabetuta"
"Aukera baten bila ari den pertsona batek bizitza galtzea" gertaera "tristea eta gogorra" dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak eta "atsekabea" agertu du gaur goizean Irunen gertatu denagatik.
Xabier Legarreta Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak ohar batean adierazi duenez, gertatutakoa "argitzea" espero du, eta koordinazioan dira Segurtasun Sailarekin.
"Euskadin, Espainian eta Europan konpromiso kolektiboak eskatzeko unea da", baita "migrazio eta harrera politiketan gizatasuna eta eskubideak" eskatzeko unea ere.
Harrera Sareak manifestazioa deitu du bihar eguerdirako
Hendaiara iritsi nahian Bidasoa ibaian "itota hil den lehen pertsonaren aurrean" zerbait egiteko eskatu die Irungo Harrera Sareak erakunde publikoei.
Bidasoa zeharkatzeko saiakerak "normalizatzen" ari direla ohartarazi dute. Izan ere, Europako beste herrialde batzuetara bidaiatzen jarraitzeko asmoz Irunera iristen diren migratzaileak "ezin dira zubietatik eta dauden pasabideetatik igaro".
Migratzaileei egiten zaien harrera kudeatzeko erakunde arteko mahaia osatzen duten Irungo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari zein Europako instituzioei egun indarrean diren neurriak kentzeko eskatu diete: "Pertsonak hiltzera bultzatzen dituzten kontrol-politikak aplikatzeari utz diezaiotela, bai Ceutan, bai Kanarietan, eta, orain, Europako barne-mugetan".
Egoera hau salatzeko elkarretaratzea deitu du Irungo Harrera Sareak igande honetarako, 11:30ean, gorpua agertu den lekuan.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak