Victoria Landa Moñux izango da Ertzaintzaren zuzendari berria
Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuak Gobernu Kontseiluari proposatuko dio Victoria Landa Moñux izendatzea Ertzaintzaren zuzendari. Hala, EAEko poliziaren historian postu hori beteko duen lehenengo emakumea izango da, eta, Rodrigo Gartzia ordezkatuko du; izan ere, azken hau, Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde izendatu berri dute.
Victoria Landa Moñux 1962an jaio zen eta Bilbokoa da. 1983ko azaroaren 14an sartu zen Ertzaintzan. Hirugarren promoziokoa da, eta intendente lanetan, hau da, polizia-kidegoaren eskalan maila goreneko kategorian, ari den Ertzaintzako emakume bakarra da.
Orain Eusko Jaurlaritzako Ertzaintzaren zuzendari-kargua hartuko du Gasteizko Ertzain-etxearen arduradun postua utzita. Bere ibilbide profesionala hainbat postu eta ertzain-etxetan egin du: Zarautzen, Bergaran, Durangon, Bilbon, Arrasaten, Gernikan, Erandion edo Galdakaon.
Gainera, Bizkaiko herritarren babeserako lurralde-buruzagitzan, eta Ertzaintzako barne-arazoetarako unitateko komisario postuan ere aritu da.