Gazteen % 24,9 aritu dira ausazko jokoan eta apustuak egiten azken urtean
Urteen joanak errotu egin du diru apustuak egitea dakarten ausazko jokoetan aritzeko ohitura. Alabaina, eztabaida soziala piztu duen gai bat ere bada. Jokoari buruz, bi ikuspegi zabaldu dira gizartean: jokoa zerbait negatibotzat hartzen dutenak daude, batetik, eta entretenimendu gisa ikusten dutenak, bestetik. Muturreko bi diskurtso horiek sendotu egin dira azken hamarkadan, online jokoa agertu eta arautu zutenetik.
Otsailaren 17 honetan Joko Arduratsuaren Nazioarteko Eguna dela eta, EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Sailak "Gaztea eta Jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan" ikerketa kaleratu du. Jokoan aritzen diren gazteen testigantzak jaso, eta horien joko-ohiturak aztertu ditu bertan.
Horretarako, 18 eta 30 urte bitarteko 750 pertsona galdekatu dituzte, eta ikerketa horretatik atera duten lehen ondorioa da gazteen % 24,9 ausazko jokoetan edo apustuak egiten aritu direla azken urtean. Bizitzan zehar noizbait jokatu dutenen ehunekoa, berriz, askoz handiagoa da: % 47,5. Dena den, aipatzekoa da gazteen % 52,2 ez direla inoiz apustuetan edo jokoan aritu. Datu hori ez dator bat biztanleria osotasunean hartuta jasotako emaitzarekin.
Joko mota, ohiturak eta jokalarien profilak
Joko motari dagokionez, aurrez aurrekoa da, oraindik ere, indar gehien duena (% 69,1), nahiz eta online jokoa lekua hartzen ari den pixkanaka, bereziki, gazteen artean.
Izan ere, gazteen % 10,1ek aukeratzen dituzte online jokoak, eta % 20,8 batean zein bestean aritzen dira. Halere, aurrez aurrekoa da nagusi oraindik ere, jokalarien ustez, sozializatzeko bide ere badelako edota joko mota horretan konfiantza handiagoa dutelako.
Joko presentziala hautatzen duten gazteek gutxi gorabehera hilean behin jokatzen dute. Maiztasuna handitzen den heinean, pertsonen ehunekoa jaitsi egiten da, online jokoan ez bezala.
Ausazko jokoetan xahututako diru kopuruak ere erakusten du online jokoak diru gehiago mugitzen duela. EAEko gazteek, batez beste, 13,13 euro jokatzen dituzte astean joko presentzialetan, eta 46,6 hilean. Online jokoetan, ostera, 19,72 euro gastatzen dituzte astean, eta 64,66 euro hilean. Alde horien atzean maiztasuna dago. Hau da, horietako batzuek astero jokatzen dute; beste batzuek, ordea, hilero.
Joko motari dagokionez, aukera zabala dago, bai zuzeneko jokoetan eta baita online jokoetan ere. Hala eta guztiz ere, badira erakargarriagoak diren zenbait joko: Loteria Nazionala (% 27,1), kirol-apustuak (% 17,5), kasinoetako jokoak (% 16,9) eta makinak (% 12,1). Horiek dira, hain zuzen ere, gazteen artean arrakasta gehien dutenak. Internet bidezko joko deigarriena kirol-apustuak dira (% 57,9), baina loteria primitiboa (% 9,9) eta kasinoak (% 8,9) ere hautatzen dituzte.
Dirua irabazteko aukerak eramaten ditu gazteak jokatzera. Hamarretik seik, gutxienez, horregatik jokatzen dute. Bestalde, ongi pasatzea, ohitura (loteriaren kasua, adibidez) eta lagunei jarraitzea ere badaude arrazoien artean.
Dibertimendu edo denbora-pasa horrek, baina, atxikimendua sor dezake jokalarien artean. Hala, gazteen % 3,2k jokoarekin lotutako arazoren bat dute. Horietatik % 1,6k arazo arina dute, % 1,1ek neurrizkoa eta % 0,5ek larria.
Gizonezkoen eta emakumezkoen ohiturak, adina eta ikasketak
Gizonezkoek eta emakumezkoek oso jarrera ezberdina dute jokoan. Hortik atera dute ikerketa honen ondorio garrantzitsuenetako bat: bizitzan zehar jokoan aritu diren gizonezkoen ehunekoa % 60,3koa da; emakumezkoena, aldiz, % 34,4koa. Azken urteko datuei erreparatuta, gizonezkoen % 34,4k eta emakumezkoen % 15,2k jokatu dute.
Adina ere hartu dute kontuan ikerketa honetan. Hiru mailatan sailkatu dituzte gazteak. Lehenengo mailan, 18 eta 22 urte bitartekoak sartu dituzte; bigarrenean, 23 eta 26 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 27 eta 30 urte bitartekoak. Adinak gora egin ahala, jokalarien kopurua hazi egiten da. Lehen mailakoen artean, adibidez, horien % 23,7k jokatzen dute; hirugarren mailakoen artean, berriz, % 31,5ek.
Azkenik, ikasketa maila izan dute aztergai. Besteak beste, ikasten ari direnen eta ikasketak utzita edo bukatuta dituztenen artean egin dute alderaketa. Bigarren mailako ikasketak edo Batxilergoa bukatu duten ikasleen % 37,9k ausazko jokoren batean jokatu edo apusturen bat egin dute 2021ean, eta Lanbide Heziketako zikloren bat egin dutenen % 23,6k eta unibertsitate mailako ikasketak dituztenen % 17,6k ere egin dute.
Lehenengo aldia
Sozializazio prozesuak paper garrantzitsua betetzen du, eta horren adibide da gizartean gaztetatik jokorako zaletasuna zabaldu izana. Askok dute lehenengo esperientzia adingabe direnean; % 31,8k, hain justu. Horien % 90,8k aurrez aurreko jokoren bat hautatu dute lehenengo aldian. Soilik % 9,8k aukeratu dituzte online jokoak.
Familiak ere badu pisua horretan. Adibide garbia da (grafikoan ikus daitekeen bezala) gazteen % 16,8 senitartekoren batekin zeudela lehen aldi hartan.
Horrekin lotuta, hamarretik zortzik onartu dute gurasoek jakin badakitela jokoan aritzen direla, baina azterketa sakona egin ostean, askok gezurra esan dutela jakin dute.
Senideekin izan beharrean, lagunekin zeuden lehen aldiz jokatu zutenean gazteen % 70.
Bestalde, azterketak jakinarazi duenez, gazteen % 95,8k ikusi dituzte ausazko jokoarekin eta apustuekin lotutako iragarkiak.
Zure interesekoa izan daiteke
Ertzaintzaren aurkako salaketa jarri dute, gizonezko bati barrabiletan lesio larria eragiteagatik Sestaon
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean agerraldia egitea eskatu du, gertatutakoaren inguruko azalpenak emateko.
ELAk salatu du irakasleak euskalduntzeko Irale programa bertan behera utziko duela Jaurlaritzak
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak zehaztu du programarekin jarraituko dela, baina egungo "behar berrietara" egokituta. Azpimarratu du azken urteotan sistema publikora batu diren irakasleek C1 maila dutela. "Datu horrek berak bakarrik hitz egiten du".
Bilboko erdigunetik Masustegi auzora eramaten duen igogailu berria martxan da
Bilboko erdigunetik Masustegi auzora eramaten duen igogailu berria martxan da. Aldapa handiak eta eskailera ugari diren honetan, aspaldian eskatua zen igogailua estreinatu berri da. 100 metroko igoeraren ostean herri txiki batean sartzen gara, nahiz eta hirian egoten jarraitu.
Tuterako Ospitaleko mediku egoiliar batek salatu du lankide batek sexu-erasoa egin diola
Azaldu du Larrialdialdietako zerbitzuan guardian zeudela gertatu zela erasoa, eta Osasun zentroak kasua artxibatu egin zuela, "probarik ez" zegoela argudiatuta.
Lekuko batek grabatutako irudiei esker atxilotu dituzte Berriozarreko kafetegi bateko lapurrak
Inguruan garbiketa lanetan ari zen pertsona batek bi pertsona ikusi zituen kafetegian lapurreta egin eta leihotik ateratzen. Aurre ere egin zien, baina lapurrek ihes egin zuten. Hala ere, grabatu zituen irudiak funtsezkoak izan dira ikerketa burutu eta lapurretaren ustezko egileak, aita-semeak, atxilotzeko.
Arabako ikasle nerabeen % 47,3k online pornografia kontsumitu dute noizbait
Gasteizko Udalak, Vital Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) PSIDES ikerketa-taldeak Arabako adingabeen online pornografiaren kontsumoari buruz egindako lan batek agerian utzi duenez, Arabako adingabeek pornografiarekin lehen harremana 12 urterekin izaten dute.
Gizon bat hil da Berriobeitiko rokodromo batean, lan-istripuz
51 urteko gizona altuera handitik erori da instalazio horietan lanean ari zela.
Egoera bere onera itzuli da N-1 errepidean Andoainen, Irunerako noranzkoan, istripu baten eta auto-ilara luzeen ondoren
10:00 inguruan istripua izan da kamioi baten, autobus baten eta hiru autoren artean, eta, zauriturik izan ez bada ere, errepidea erabat itxi behar izan dute eta auto-ilara luzeak sortu dira, 6 kilometrorainokoak.
Etxebarri erretegia, Macarfi gidako 'Top of the Tops' zerrendan
Gainera, Azurmendi eta Molino de Urdaniz Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako jatetxe onenak izendatu dituzte. Gainera, urteko bigarren irekiera onenaren aitortza eman diote Itzuli jatetxeari.
Mancisidor: "Erakundearen hizkuntza politikak orain arteko estandar altuei eutsiko die"
"Hori da orain arte izan dudan konpromiso irmoa, eta aurrerantzean ere horri eustea espero dut", nabarmendu du Mikel Mancisidor Ararteko berriak, Eider Hurtadok Radio Euskadin egindako lehen elkarrizketan.