Denboraldiko lehen opor-ontziak iritsi dira Bilboko Portura
Bilboko Portuak gaur inauguratu du opor-ontzien denboraldia Sky Princess eta Britannia heltzearekin batera. Bertan geldialdia egiten duten lehen bi bidaiari-ontziak dira. Denboraldia abenduan amaitu arte, 70 ontzitik gora pasatuko dira Bilboko Portutik.
Andima Ormaetxe, Bilbok Portuko Operazio, Komertzio, Logistika eta Estrategia zuzendariak "oso positibotzat" jo du aurreikusitako denboraldia: "Aurten opor-ontziek Bilboko Portuaz fidatzen dira".
Duela gutxi iritsi dira bi bidaiari-ontziak Bilboko Portuaren Getxoko instalazioetara, eta gaur bertan abiatuko dira berriro. 3000 bidaiari baino gehiago eramateko lekua dute; baina, guztira, 5300 turista iritsiko dira gaur prebentzio-neurriak direla eta.
Bilboko Portutik espero dute denboraldi osoan zehar 100.000 turista iritsiko direla portura. Ormaetxeren arabera, bidaiari bakoitzaren eragin ekonomikoa "garrantzitsua" da; portukoek kalkulatzen dute bakoitzak 150 euro utz ditzakeela Euskal Herrian egindako geldialdian.
Sky Princess 07:30ean iritsi da Arroxelatik (Frantzia), eta 18:00etan irtengo da Lisboarantz; Britannia, berriz, 08:30ean iritsi da Coruñatik, eta hori ere 18:00etan abiatuko da Cherbourgerantz (Frantzia).
Nazioarteko turistek hainbat jomuga dituzte gogoko Euskal Herrian: Donostia bisitatzea, Bermeo, Gernika, Urdaibai, Bilbo eta Guggenheim museoa, Artxandako begiralekua, Arabako Errioxa...