Covid-19a hatsetik diagnostikatzeko test berria onartu dute AEBetan
Ameriketako Estatu Batuetako Sendagaien eta Elikagaien Administrazioak (FDA) koronabirusa hatsaren bidez detektatzeko test berritzailea onartu berri du.
Eskuko maleta baten tamaina du gailuak, gutxi gorabehera, eta puxika bat puzten arituko balitz bezala putz egin behar du erabiltzaileak hodi batean. Analisi kimiko baten ondoren, hiru minutu inguruan agertzen da emaitza.
Osasun zentroetan zein Ospitaleetan erabiltzeko oso egokia izan daitekeela adierazi du FDAk.
Egindako azterketetan, kutsatuen % 91 atzeman ditu. Negatibo emandakoen % 99 ere hala zen. Probetan sintomadun gaixoak zein sintomagabeak erabili dituzte.
"Omikron aldaeran zentratutako ikerketa kliniko baten sentsibilitate antzekoa izan du probak", FDAren arabera.
Koronabirusa detektatzeko probetan aukera berria irekitzen da test honekin. Izan ere, sudurreko edo eztarriko laginak behar ziren orain arte.