Bidali dute espaziora Euskal Herrian egindako lehen satelitea
Euskal Herrian egindako lehen satelitea espazioan da jada. Satlantis enpresak fabrikatu du eta EHUko Leioako Campuseko Parke Zientifikoan garatu dute.
Urdaneta 20:35ean abiatu da Cañaveral lurmuturretik (Florida, AEB), Falcon 9 suziri baten laguntzaz, eta bederatzi minututan orbitan egon da.
Funtzio bera duten gainontzeko sateliteak baino arinagoa da: hamasei kilogramo pisatzen du, eta 40 zentimetro luze eta 20 zentimetro zabal da.
Sateliteak iSIM-90 kamera bat du, energia-, nekazaritza- eta ingurumen-plangintzetako aktibitateak kontrolatzeko diseinatua.
Horrela, punta-puntako teknologiaren bidez, berotegi efektuko gasak, petrolio-isuriak, itsas hondamendiak eta nekazal guneak behartu ahal izango da. 500 kilometroko distantziatik hartuko ditu irudiak sateliteak.
Egitasmo honen garapenean parte hartu duen Eider Ocerinek Radio Euskadin azaldu duenez, sateliteak laupabost urte emango ditu Lurraren inguruan bueltaka, ingurumenari lotutako ikerketetarako bereizmen handiko argazkiak ateratzen.
Urdanetarena ez da Satlantisen lehen misioa: enpresak jada baditu bi kamera espazioan. Hau, ordea, lehen satelitea izango da. Hurrengo urteei begira ere zazpi misio inguru dituzte aurreikusita.
Satlantis GEI-Satekin dago lanean, metanoa detektatzeko satelite bat. Datorren urtean espazioratuko dutela uste dute, ekainean. Enpresaren beste erronken artean, itsasoko plastikoen behaketa eta jarraipena egitea da, baita landa sailetako patologien kontrola ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda